Atzo amaitu zuten peritutzat jotako polizien deklarazioa. Ez zuten ETAren eta Udalbiltzaren arteko loturarik agertu. Lurraldetasuna eta nazio eraikuntzaren alde egiten duten guztiek ETAren aginduei jarraitzen dietela esatea asko esatea dela ere esan zuten perituek, baina ETAk proposatutako gauza zehatzak aurrera eramaten dituztenek erakunde armatuaren esanei jarraitzen dietela gaineratu zuten.
Hain justu, horregatik «zatitu» zen Udalbiltza, perituen esanetan: ETA ez zegoelako gustura EAJko eta EAko hautetsiak hango kide zirenean nazio instituzioak zeraman bidearekin. Kepa Landa abokatuak une horretan aitorrarazi zion perituari Kursaaleko bileraren ostean Udalbiltzaren helburuak ez zirela aldatu, eta, beraz, galdetu zion nola den posible, helburu berberak izanda, bolada batean ETAren aginduei ez jarraitzea eta geroago bai. Izan ere, akusazioek argudiatzen dute Udalbiltza berregituratu egin zela 2002an, Kursaalean bilera egin zuenean, eta handik aurrera ETAren aginduei jarraitzen ziela.
ETAk 1995ean nortasun agiri bat sortzeaz hitz egiten zuela ekarri dute gogora, eta Udalbiltzak EHNA tramitatu zuenez, «gauza zehatzetan» men egiten ziola ondorioztatu, eta Udalbiltzak ETAren aginduei jarraitzen ziela argudiatu zuten. Nolanahi ere, halakorik argitzen duen agiririk, entzuketarik edo antzekorik ez zuten aurkeztu, ezta auzipetuak eta ETA lotzeko frogarik ere. Areago, auzipetu gehienen inguruan ikerketa berezirik ez zutela egin aitortu zuten perituek, auzitegiek ez zietelako hala egiteko eskatu.
«Aukera bat da»
Udalbiltza Partzuergoak eta Garapenerako eta Kohesiorako Euskal Fondoak jarduera finantziario irregularrak egiten zituztela esateko zertan oinarritzen diren ere galdetu zien Kepa Landak. «Guk ez dugu esan irregularrak zirenik, baizik eta izan zitezkeela. Epaileari aukera hori jartzen diogu, egoki ikusten badu ikerketa proposa dezan». Herenegun bezala, atzo ere aitortu zuten ez zutela finantza ikerketarik egin. Hala ere, irregulartasun ekonomikoak egitea ere leporatzen diete akusazioek lau auzipeturi.
Atzoko saioan ere, peritu gisa aritutako polizia horiek auziko parte izan zirela argi geratu zen. Kepa Manzisidor abokatuaren galderei erantzunez, esan zuten entzuketak eskatu zituztela, idazkari lanak ere egin zituztela, zigilatzeak kendu...
Landak, Manzisidorrek bezala, bere defendatuen kontrako froga zehatzak eskatu zizkien perituei, baina haiek ez zuten halakorik erakutsi.
Urriaren 25, 26 eta 27an jarraituko du Udalbiltzaren kontrako epaiketak, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Froga dokumentalak ikusiko dituzte aurrena, eta aldeen kalifikazioak etorriko dira horren ostean. Azken ondorioekin, sententzia ematea bakarrik faltako da.
«Ez dut inoiz parte hartu sumario honetan,ezta besteetan ere»
Juan Moral fiskalak ezinbestekotzat jotzen zuen atzo lekuko gisa deklaratu zuen poliziaren lekukotasuna. Azken lekukoa izan zen deklaratzen. Gizona erdi haserre mintzatu zen, Bilbotik, bideokonferentzia bidez. «Nik ez dut inoiz parte hartu sumario honetan, ezta besteetan ere», esan zuen. Hutsen bat gertatu dela eta paperetan poliziaren zenbakia gaizki apuntatuta egongo dela ondorioztatu zuten.Auzitegiko perituen izaera salatu dute behatzaile joandako abokatuek
Perituen eginbeharra epaileei gauza zehatzetan argibide teknikoak ematea dela gogorarazi duteErredakzioa.
Rafael Calderon, Gemma Calvet eta August Gil Matamala abokatuak behatzaile gisa egon dira Auzitegi Nazionalean egunotan, Udalbiltza auzia jarraitzen. Perituek epaiketan ematen dituzten argibideek ez dutela ez hanka ez bururik uste du Gil Matamala abokatuak. Perituen eginbeharra epaileari auziaren inguruko zehaztasun edo argibide teknikoak ematea dela ekarri zuen gogora. Eta auzian dauden perituak ikuspegi juridikotik ez dagoela onartzerik esan zuen, bi arrazoirengatik: batetik, onartzen dutelako polizia operazioan parte hartu zutela, txostenak egin zituztela, atxiloketak... beraz, auziaren parte direnez, ezin dira peritu izan; bestetik, txostenak interpretatu eta epaitu egiten dituztelako, ez argibide teknikoak eman, eta epaitzea epailearen lana dela ekarri du gogora Matamalak, ez perituena.
Deialdiak
Jaialdia Getarian. Txalaparta eta txistu doinuak izango dira, eta Jon Maia eta Uxue Alberdi bertsolariek kantatuko dute, plazan, 12:00etan.Elkarretaratzeak. Besteak beste, Bergaran eta Donostiako Egia auzoan, Teresa Calcuttakoaren Plazan, eguerdian.
Urriaren 4an, CAFen. Elkarretaratzea 11:00etatik 12:00etara Beasainen, CAFen sarrera nagusian. Langile batzorde osoaren babesa du.