Literatura

Txuma Lasagabaster literatur kritikaria hil da

Euskal Herrian literatur kritikaren aitzindarietako bat izan da Lasagabaster, eta 81 urterekin hil da. Etzi izango da hileta elizkizuna Artzain Onaren elizan, Donostian.

Inigo Astiz
2013ko ekainaren 4a
17:27
Entzun

Euskal kritikaren oinarriak jarri zituen gizona hil da. Filosofia eta letra doktoretza ikasi zuen Madrilen, eta Litearaturaren eta Literatur kritikaren ikasketa bereziak egin zituen Pariseko Ecole Pratique des Hautes Etudes de Paris. Bera izan zen euskal literaturaren azterketa literario eta akademikoaren bultzatzaile eta aitzindaria, eta luzea da kaleratu zituen artikulu eta liburuen zerrenda. Hor dira, besteak beste, "Euskal-nobelaren gizarte-kondairaren oinharriak" (1981); "Barojaren nobelagintza eta euskal nobelaren etorkizuna"; eta Providenceko (AEB) Brown Universityn eskainitako "El verso castellano modelo del verso vasco en 'L'Art poétique basque' de A. Oihenart" (1983).

Irakasle lanetan ere aritu zen Deustuko Unibertsitatean. Eta asko dira haren ekarpena nabarmendu duten ikasle eta idazleak. Orain hilabete batzuk kaleratu zuen Ibai Iztuetaren Jesus Mari Lasagabasterrekin hizketan liburua (Utriusque Vasconiae) eta haren ikasle izandako jende asko bildu zen aurkezpenean. Hari esker ona agertu, eta egindako lana aitortzeko. Urtebetetze festa zuen egun hartakoa, 81 urte betetzen baitzituen egun hartan. Lasagabasterrek egindako lan eskerga nabarmendu zuen Iztuetak orduan: «Egin zuena egin zuela sinesteak ere lanak ematen ditu. Euskara bere kasa ikasi, laguntzarekin baina katakunben garaian, eta testu akademikoak sortu zituen, berak beste batzuekin batera bidean jarritako Deustuko Unibertsitatean. Sinestezina da, eta alde horretatik mirespen osoa merezi du».

Eta Marijo Olaziregi literatur kritikariak haren lekukoaren garrantzia nabarmendu zuen: “Gaur egungo euskal literaturaren teorian eta kritikan gabiltzan askok Txumaren [Lasagabasterren] marka daramagu, berak gugan txertatu zuen egiteko modua. Bere ikasle izan diren batzuk aipatzekotan, [Joseba] Gabilondo, [Iñaki] Aldekoa, [Ana] Toledo, [Lourdes] Otaegi, [Karlos] Otegi eta [Mikel] Hernandez Abaitua ditut batik bat gogoan».

Hemen da omenaldi ekitaldi haren berri emanez BERRIAk kaleratutako kronika. Eta hemen, 1987an Argia aldizkarian eskainitako elkarrizketa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.