Aralarreko idazkari nagusi Rebeka Uberak uste du "garai politiko interesgarriak" direla gaur egungoak, urteetan bigarren mailan gelditu diren hainbat gai lehen lerrora igaro direla uste baitu. Nafarroako egoera politiko berriaren ondotik eta Katalunian irailerako deitu dituzten hauteskunde plebiszitarioak eta gero, azaroako Espainiako hauteskunde orokorrek aldaketa esanguratsuak ekar ditzaketela uste du: "78ko erregimenak indarrean ezarritako bipartidismoa eta sistema politiko osoa kolokan jar daiteke".
Aralarren ustez, euskal gizartearen gehiengoaren aldarrikapen nagusiak gauzatzeko "itxaropenerako zirrikitua" zabaldu daiteke, baina unea probesten jakin behar dela deritzo, "sinergia berriak sortuz eta gizarte osoaren inplikazioa bilatuz". Beren ustez "adimentsu eta eskuzabaltasunez jokatzeko unea da, estatu irizpidea eta izaera gailentzeko unea da".
Lan ildoak
Erabakitzeko eskubidea izango da Aralarren lan ildo nagusia datozen hilabeteetan. Kataluniako aferak "bilateraletatearen falazia" agerian utzi duela deritzo, eta beraz, erabakitzeko eskubide demokratikoa defendatzen dutenek "bide propioa" egin behar dutela uste du. Bide horretan, nazioarteak aitortzen duen erabakitzeko eskubide demokratikoa "konstituzionalizatzea" bilatu behar da, Aralarren irudiko.
Ildo horretan, "haustura demokratikoaren aldeko apustua" egiten du Aralarrek, "Espainiako estatuak bahituta dituen herri eta pertsona bezala dagokigun erabakitzeko eskubideaz gainera, askatasun eta eskubide sozial, zibilak, politiko eta laboralak eskuratzeko".
ETAk jardun armatua utziz geroztik Espainiako Gobernuak erakutsi duen jarrera itxiaren aurrean, bakegintzan eta elkarbizitza demokratikoaren eraikuntzan "modu zuzenean inplikatzeko deia" ere egiten die Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari.