Ubidearen lehen fasea handitu, eta bigarrena moldatuko du Nafarroak

Azpiegitura horren jarraipen batzordeko kideek bilera egin dute Iruñean, aurreikusitako aldaketak onartzeko

Erredakzioa
Iruñea
2012ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Nafarroako ubideak ureztatuko dituen lursailen kopuruak gora eginen du. %11,4 gora. Hori da Nafarroako eta Espainiako gobernuek azpiegitura horri buruz onartutako aldaketek izanen duten ondorioa. Ubidearen jarraipen batzordeak bilera egin du Iruñean.

Lehen fasea handitzea erabaki dute, batetik; hau da, 15.200 hektarea gehiagotara eramatea ubideko ura, Ega eta Arga ibaien ertzeetan. Bertzetik, oraindik egin gabe dagoen bigarren fasea moldatzea adostu dute. Aurreikusi baino 9.000 hektarea gutxiago ureztatuko ditu ubideak bigarren fase horretan, 21.500 denera.

Bi faseetan erabakitako aldaketek, hala ere, areagotu egin dute ubideak denera ureztatuko dituen lursailen kopurua. 59.100 izanen dira. 53.000koa zen hasieran aurreikusitako kopurua.

Espainiako eta Nafarroako gobernuetako agintariek nabarmendu dute moldaketei esker «lursailen lehiakortasuna areagotu, eta ingurumenaren kudeaketa eta Nafarroako ibaietako uraren kalitatea hobetu» ahal izanen dutela.

Kolokan

Helburu horiek guztiak nola beteko dituzten ez dute zehaztu jarraipen batzordeko kideek. Onartu dute, gainera, bigarren fasea moldatzeko arrazoia dirua izan dela.

Ubidearen arlo ekonomikoa, hain zuzen ere, kolokan jarri du berriki lan batek. Rosario Brinquisek aurkeztu du, Zaragozako Unibertsitatearen eskutik. Ubideari eta Itoizko urtegiari buruzko ikerketa ekonomikoa egin, eta agerian utzi du bat egiten duten bi proiektu horiek ez direla bideragarriak. Nafarroako Gobernuarentzat, hala ere, funtsezko egitasmoak dira oraindik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.