UBS bankuak zerrenda beltzean sartu du

Fukushimako istripuak ixteko arriskuan jarri dituen munduko 30 zentral nuklearren artean dago Garoña

Erredakzioa
Donostia
2011ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Fukushimako zentralak Japonian gertatutako lurrikararen eta tsunamiaren ondorioz izandako istripuak kinka larrian jarri du Garoñakoa, UBS Suitzako inbertsio bankuaren iritziz. Fukushimako ezbeharraren eraginez zentral nuklearrek egin beharreko erresistentzia probek inbertsioak eskatuko dituzte, UBSren iritziz, eta Garoña «ixteko arriskuan» leudekeen munduko 30 zentralen artean egongo litzateke.

Txostenaren arabera, 1972. urtea baino lehen eraikitako zentral guztiak —30 hain zuzen— dira ixteko aukera gehien dutenak, «batik bat ingurune sismikoetan edota muga inguruetan daudenak». 30 zentralen artean dago Garoña, baita AEBetako Monticello eta Oyster Creek ere.

Inbertsio bankuak energia nuklearraren alde egiten du txostenean, baina «iritzi publikoaren konfiantza» berreskuratzeko planta nuklear batzuk «sakrifikatu» egin behar direla iritzi dio. «Segurtasun arauak gogortu egin behar dira, iraupena luzatzeak mugatu eta planta batzuk itxi». Energia atomikoarentzako etorkizun zaila ikusten dute UBSren teknikariek: «Nuklearren operazio gastuak energia alternatiboenak baino handiagoak izango dira, eta prezioen garestitzearekin, nuklearrak sistema publikoetan eta erdi-publikoetan baino ez dira izango lehiakorrak».

Txernobylen 1986an izandako istripuarekin alderatuta Japoniakoak beste ezaugarri batzuk dituela dio UBSk: «Txernobylgoak ingurumen aldetik eragin askoz handiagoa izan zuen, baina Fukushimakoak sinesgarritasun arazo handiagoa dauka, garatutako herrialde batean gertatu eta hiru astera, ingeniariek oraindik ez dutelako kontrolpean».

Garoñako zentralak, ordea, adierazi du 2003an eginiko inbertsioen ondorioz «erresistentzia probak egiteko oso egoera onean» dagoela planta.

Europako Parlamentuak, berriz, EBko zentral nuklearrei erresistentzia probak egiteko eskatu zuen atzo. EB barruko arautegiak harmonizatzea ere galdegin zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.