Uda lehorra izan da. Eta euri gutxi egin duela-eta, zenbait lekutan aparteko markak izan dira. Gasteizen, esaterako, 1945. urtetik, igaro berri den uda lehorrenetan bigarrena izan da. Espainiako Meteorologia Agentziako EAEkoarduradun Margarita Martin meteorologoak bildutako datuen arabera, hamarkada honetan izan dira Arabako hiriburuko hiru udarik lehorrenak; 2008an, 2010ean eta 2005ean, hain justu. Tenperaturari dagokionez, uda normala izan dela ondorioztatu du. Eguzki orduak, ordea, ohikoa baino ugariagoak izan dira uda honetan; antizikloiak aparteko eragina izan du Euskal Herrian, eta, horren eraginez, eguzkiak gogotik jo du.
Irailari buruzko txostena atzo plazaratu zuen, bestalde, Euskalmetek. Iraila lehorra izan dela nabarmendu du Eusko Jaurlaritzako meteorologia agentziak ere. Hilabete horrek, halaber, lehen izoztea ekarri duela jakinarazi du. Tenperaturari dagokionez, nolanahi ere, iraila hilabete normala izan dela esan du; kostan batez besteko tenperatura 19 graduren bueltan ibili da, eta Arabako Lautadan, berriz, 16 gradutik gora. Tenperaturarik baxuenak hilabetearen bigarren hamabostaldian izan dira.
Astebururako, berriz, hego haize zakarra iragarri dute, eta alerta horia ezarri dute iganderako. Tenperatura 25 gradutik gora izango da. Hurrengo astean tenperaturak berriro behera egingo du, baina oraindik ere gozoa izango da. Hilaren 10era arte eguraldi egonkorra espero da.
Uda hau lehorrenetan bigarrena izan da Gasteizen, 1945etik
Meteorologoek nabarmendu dute igaro hilabeteetan euri gutxi egin duela eta egunotan hego haizea ibiliko dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu