Hauteskundeen ondorena

Udal eta herrialde mailako akordioak legebiltzarrera zabaltzeaz ez dira ados jarri EAJ eta PSE

2013ko irailetik "erakundeen egonkortasunerako" itun bat sinatua dute EAJk eta PSEk, eta horren arabera onartu zituzten EAEko 2014 eta 2015eko aurrekontuak. Akordio hori zabaldu nahi du EAJk, baina PSEk nahiago du udal eta foru erakundeetara mugatu.

PSE eta EAJko ordezkariak, gaur, Sabin Etxean. ARGAZKI PRESS
Enekoitz Esnaola - Jon Olano
2015eko ekainaren 2a
07:29
Entzun

EAJk eta PSE-EEk bilera bat egin dute Bilbon, EAEko udal eta foru hauteskundeak aztertzeko eta bien arteko balizko itunez hitz egiten hasteko.

Joseba Egibar EAJko Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak egin ditu adierazpenak bileraren ostean. Egibarrek esan du EAJ prest dagoela PSErekin koalizio gobernuak osatzeko udal eta foru erakundeetan, eta sozialistei proposatu die "egonkortasun formula" Eusko Legebiltzarrera zabaltzea. PSE gobernuetan sartuko den ala ez, "akordioaren intentsitatearen" araberakoa izango da, Egibarren esanetan.

Haren ustez, koalizio gobernua osatzeak akordio "oso sendoa" behar du, "legealdirako bide-orri bat". Eusko Legebiltzarraren eta udal eta foru erakundeen egonkortasuna lotu ditu Egibarrek; Eusko Legebiltzarrean zenbat eta "prestutasun" hobea izan, horrek gehiago lagunduko du "lankidetza eta egonkortasun politikorako formulak" topatzen.

PSE, desados

Ez dira iritzi berekoak sozialistak. Bileran, PSEko ordezkaritzak EAJkoari azaldu dio ez dela "egokia" udal eta foru esparruetatik haragoko akordiorik egitea. Aitzitik, "herritarren kezkei lehentasuna emango dien politikak" gauzatuko dituen udal eta foru gobernuak nahi ditu PSEk; "krisialditik irtetea, enplegua, gizarte zerbitzuak mantentzea eta erakunde modernoak" dira lehentasun horiek, PSEren iritziz.

Ildo horretan, bi alderdiak bat datoz beharrezkoa dela programaren gaineko "akordio sendoa" adostea. PSEren Batzar Nazionalak bihar egingo du bilera Bilbon (18:00), udal eta foru hauteskundeetako emaitzak aztertu eta EAJrekin abiatutako elkarrizketen inguruan hitz egiteko.

12:00etan hasi dute bilkura, EAJren egoitzan, Sabin Etxean. Jeltzaleen aldetik Andoni Ortuzar EBBko burua, Joseba Aurrekoetxea eta Koldo Mediavilla EBBko kideak, Xabier Agirre ABBko burua, Itxaso Atutxa BBBkoa eta Joseba Egibar GBBkoa egon dira. PSE-EEtik Idoia Mendia idazkari nagusia, Begoña Gil eta Miguel Angel Morales zuzendaritzakideak, eta Cristina Gonzalez Arabako idazkari nagusia, Mikel Torres Bizkaikoa eta Iñaki Arriola Gipuzkoakoa egon dira.

Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian EAJk irabazi zituen foru hauteskundeak. Azken bi herrialdeetan PSEren babesa badu, bien artean gehiengo osoa dute. Araban ez, soila baizik, 51 batzarkideetatik 18 aulkirekin. Hiriburuetan, EAJ Bilboko eta Donostiako irabazleak PSErekin gehiengo osoa luke; Gasteizen hirugarren geratu zen, eta PSE, laugarren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.