Udal mapa berrantolatzeko neurriak aurreikusten ditu Nafarroako Gobernuak

Kurtso politiko berrian, bi proiektu izango dira gakoak UPNren gobernuarentzat: Nafarroako ubidea eta AHTa. 

2012ko irailaren 12a
17:55
Entzun

Udal mapa berrantolatzeko neurriak aurreikusten ditu Nafarroako Gobernuak kurtso politiko berrirako. Urte hasieran jada Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko lehendakariak azaldu zuen herrialdeko udal mapa berrantolatzeko garaia iritsi dela, "gaurko egoera kontuan hartu eta eraginkorragoa bihurtzeko". Aurreko legealdietatik "zintzilik" dagoen gaia da, Barcinaren iritziz, eta orain heldu behar zaio. "Krisi ekonomikoaren sasoi honetan zentzuz antolatu behar da udal mapa".

Nafarroak 272 udalerri ditu; horietatik 158k bostehun biztanle baino gutxiago dituzte. Kontzejuak ere badira, herri batzuek osatutakoak —batez ere, erdialdean eta mendialdean daude—. 

Urtero, kurtso politiko berriari hasiera emateko, parlamentuak ezohiko osoko bilkura egiten du, Nafarroaren egoeraren inguruan ezbaidatzeko. Gaur, osoko bilkura hori egiteko eskatu dio UPNk parlamentuari. Juan Luis Sanchez de Muniain gobernuko bozeramaileak adierazi du elkarrizketa Nafarroaren atzeraldi ekonomikoak gidatuko duela. Osoko bilkuran, gobernuak datorren kurtso politikorako aurreikusitako neurrien gaineko informazioa aurreratuko du, Sanchez de Muniainen arabera. 

 

Neurri horien artean, "egoera akonomiko zailarekin bat datozen" aurrekontuak onartzea, erreforma fiskala, sektore publikoaren "modernizazioa" eta erakunde politikoen "arrazionalizazioa". Bestalde, UPNk adierazi du legegintzaldi berrian bi proiektu izango direla gakoak: Nafarroako ubidea eta AHTa. 

ETAren amaieraren kudeaketaren inguruan, Sanchez de Muniainek adierazi du terrorismoaren biktimak eta horien senideak babestuko dituela gobernuak; eta "zelatan" egongo dela, "basakeria eta mina eragin zuten horiek historia manipulatzea lor ez dezaten". 

Parlamentuko eztabaidak alderdi politikoek duten jarrera ezagutzen lagunduko duela uste du gobernuak, eta "arduraz eta hankak lurrean jarrita" jokatzea galdegin die ordezkari politikoei. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.