Errekaldeko Kukutza gaztetxearen lana aitortze aldera Bilboko Udalean Bilduk aurkeztutako mozioa ez zuen onartu atzo udalbatzak. Koalizioaren proposamena atzera bota, eta «istilu bortitzak» gaitzesteko eskatu zion udalbatzak Bilduri eta Kukutzako asanbladari, EAJk, PPk eta PSE-EEk babestutako idatzi berrituan.
Ikasturteko lehen osoko bilkura egin zuten atzo, eta azken egunotan Bilbon polemikaren erdigunean izandako gaiari buruzko eztabaida gogorra izan zen. Bilduk aurkeztutako mozioa gaztetxea hustu eta eraitsi baino lehen idatzita zegoen: Kukutzaren lana aitortzeko, eraispen baimena geldiarazteko, gaztetxearen jarduerari eusteko eta aurrerantzean elkarrizketaren aldeko apustua egiteko eskatzen zuen.
Gainerako alderdiek, baina, zuzenketak aurkeztu zituzten, eta azkenean onartutako testuak indarkeria gaitzetsi zuen, baita «Ertzaintzarekiko zein istiluek kaltetutakoekiko elkartasuna» agertu ere. Bilduk ez zuen idatzi berria onartu, Kukutza hustu eta eraitsi izanak udalaren «hirigintza ariketa bati» erantzun ziolakoan.
Ildo horretan, Iñaki Azkuna alkatearen dimisio eskaera berretsi zuen Aitziber Ibaibarriaga koalizioko zinegotziak, «arazoa ezin okerrago kudeatu duelako».
Bilduren aurkako erantzunak, baina, gogorragoak izan ziren. PPko bozeramaile Cristina Ruizek eta Azkunak berak «etsigarri» jo zuten koalizioaren «isiltasuna», istiluak gaitzetsi ez dituelakoan. Alkatea, gainera, urteetan «okupa eta antisistema guztiak» babestea leporatu ondoren, honela zuzendu zitzaion Ibaibarriagari: «Zuri kostatu egiten zaizu legezkotasunaz hitz egitea, orain lau egun bihurtu baitzara demokraziara».
Gaztetxekoei ere eskatu zieten istiluei buruz mintzatzeko. «Kukutzaren ahotsa falta da. Indarkeria ekintzen gaineko kondena espero da. Ezin dira ezkutatu», adierazi du Txema Oleaga PSE-EEko kideak. Antzera hitz egin zuen Ricardo Barkala Hirigintza zinegotziak, eta udalaren jarduna defendatu zuen berriz ere: «Gure egitekoa legezkotasuna betetzea izan da».
Udalak atzera bota du gaztetxearen alde Bilduk aurkeztutako mozioa
Istiluak gaitzetsi eta Ertzaintzari elkartasuna adierazi diote EAJk, PSE-EEk eta PPk onetsitako testuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu