POLITIKA

Udalak batuta, 8.000 milioi euro aurreztu nahi ditu Espainiako Gobernuak

Cristobal Montoro Espainiako Ogasun eta Administrazio ministroak esan du "sakabanaketa administratiboari" aurre egin nahi diotela eta, horretarako, udalak elkartzea sustatuko duela.

2013ko uztailaren 26a
16:54
Entzun

Espainiako Gobernuko ministroen kontseiluan onartu dute toki administrazioen erreforma, eta erabakiaren berri eman dute ondoren Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordeak, Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak eta Montorok berak.

Montorok azaldu duenez, "berezkoak ez diren eskumenak" izateari utziko diote hainbat udalek, eta ekonomikoki "oreka" erdietsiko dute horrela.

Udalek zerbitzu publikoen "egiazko kostua" jakinarazi beharko dute, gobernuak lege proiektuan jaso duenez. Zerbitzu bakoitzaren kostua ezagututa, zerbitzu horiek "batu" egin daitezke diputazioen esku utzita, diputazioak zerbitzu hori merkeago eman badezake.

Montorok aitortu du erreformak indartu egiten duela diputazioen boterea; ondoren, erantsi du: "Udalen aldeko erreforma da, eta udalei autonomien estatuan merezi duten lekua ematen zaie".

Oposizioko alderdiak proiektuaren kontra azaldu dira, eta udalen autonomiaren kontrako erasotzat eta zerbitzu publikoen pribatizaziotzat jo dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.