'Udalbiltza auzia' salatuko dute EAJ, ezker abertzalea, EA, Alternatiba eta Aralarrek

Gasteizen deitu dute biharko elkarretaratzea, 12:30ean Plaza Berrian, eta Udalbidek ere hara joateko deia egin du

Erredakzioa
Gasteiz
2010eko urriaren 22a
00:00
Entzun
Hiriburu guztietan deitu dituzte elkarretaratzeak biharko, Udalbiltzako 21 auzipetuek absolbi ditzaten eskatzeko. Ildo horretan,atzo, Gasteizen, bertako zinegotzi eta zinegotzi ohiek agerraldia egin zuten espresuki Gasteizko elkarretaratzera deitzeko. 12:30ean jarri dute hitzordua. EAJk, ezker abertzaleak, Aralarrek, EAk eta Alternatibak izenpetu duten agiria irakurri zuten kargu publikoek atzo Gasteizen. Udalbiltzaren sorrerako printzipioak ekarri zituzten gogora. Hala nola Euskal Herria nazioa dela eta nazio gisa jardun nahi duela, eta Euskal Herriaren egituraketa politikoa eraikitzen laguntzeko proiektuak sustatzearen alde lana egin asmo zutela. 2003ko apirilean Baltasar Garzonek agindutako polizia operazioaren ondorioz Udalbiltzako hainbat hautetsi eta langile atxilotueta Udalbiltzaren jarduera etetea agindu zutela salatu zuten.

Horren aurka, Gasteizko zinegotzi, zinegotzi ohi eta indar politikoak Udalbiltzaren lana zilegia dela aldarrikatu dute. Auzipetuei babesa eta elkartasuna agertu eta akusazioek karguak erretira ditzan eskatu dute -10 eta 22 urte arteko kartzela zigorrak eskatu dituzte haien aurka-. Eta elkarretaratzera deitu dute, auzipetuen aurkako azken saioa hasi bezperetan.

Udalbideren salaketa

Udalbildek ere oharra atera du. «Aldarrikatzen dugu ideien askatasuna, aniztasun politikoaren eraso eta egitasmo politikoen defentsa eta hedapenei murrizketaren kontra gaudela, betiere demokraziaz eta inposaketarik gabe egiten badira». Auzipetuei elkartasuna agertzeko, eta auziak oinarrizko eskubide zibil eta politikoak zapaltzen dituela salatzeko, Gasteizko protestara deitu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.