Politika

Udalbiltzak bere aurkako auzian babesa eskatu dio Eusko Legebiltzarrari

Auzipetuen abokatu Jone Goirizelaia eta Santiago Abascal PPko legebiltzarkidearen artean tira-bira egon da Giza Batzordean egindako agerraldian.

2008ko azaroaren 20a
15:29
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionalak Udalbiltzaren aurka zabaldua duen prozesua dela-eta, babesa eskatu diote udal erakunde horretako ordezkariek gaur Eusko Legebiltzarrari, Gasteizen. Zehazki, Auzitegi Nazionalak hasitako auzibidea salatzeko eskatu diote, baita Espainiako Gobernuak Fiskaltzari akusazioak ken ditzan eskatzeko ere.

Giza Eskubideen Batzordearen aurrean egindako agerraldian auzipetuen abokatu Jone Goirizelaia eta Santiago Abascal PPko legebiltzarkidearen artean tira-bira egon da. Abascalek Udalbiltzako kideak "lehenbailehen epaitzeko nahia" agertu du, "demokrata ez direla egiaztatua" dagoelako. Gainera, Goirizelaiari esan dio "ETAren abokatua" dela "eta ez Nobel Saria", eta Udalbiltzakoek Eusko Legebiltzarrean egoteko "duintasunik ez" dutela. Goirizelaiak Abascal eta PP "Franco eta faxismoa" direla esan du, "eta hori erakutsi digu Abascalek bere agerraldian".

EAJko Maixabel Gaztañagak bere alderdia "makroprozesuen aurka" dagoela adierazi du eta ETAk "dena zikintzen" duela gaineratu du. Gema Agundez PSE-EEkoak Udalbiltzako ordezkarien "kezka" ulertzen duela adierazi du, eta "errugabeak badira, aske utziko dituzte". Nekane Altzelai EAkoak bere alderdiak Udalbiltzaren sortze prozesuan parte hartu zuela gogorarazi du eta epaiketen aurka daudela. Itziar Basterrika EHAK-koak epaiketa "estrategia politiko" bati dagokiola salatu du.

Udalbiltzako lehendakari Loren Arkotxak udal erakundearen lana "legezkoa" dela defenditu du. Eusko Legebiltzarrari Nazio Batuen Erakundearen aurrean eta Europako Batasunean auzia salatzeko eskatu dio, "nazioarteko ebazpenen aurkakoa" delako. Era berean, parlamentariei epaiketara ordezkari bat bidaltzeko eta mobilizazioetan parte hartzeko galdegin die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.