Aizpuruak erantzun duenez, Udalbiltzak "euskal herritartasuna publikoki adieraziko duen agiri ofizial bat" sortzea bultzatuko du, eta dinamika hori "herritarren atxikimendu librean" oinarrituko da. "Euskal Herriaren kultura, hizkuntza eta identitate espresio anitzekiko errespetuzko jarrera izango du".
Udalbiltzako lehendakariak esan du agiriak eskaera sozial bati erantzuten diola, "baita herritarren zati handi baten eskubideen urraketa amaitu beharrari ere, Espainiako eta Frantziako estatuek inposatutako antolamendu juridiko eta instituzionalaren menpe ez dutelako beraien herritartasuna aintzat hartuta sentitzen".
Espainiako Auzitegi Goreneko administrazioarekiko auzietako aretoko fiskal nagusiari eta Juan Kalparsoro EAEko fiskal nagusiari idatzi bana helarazi die Urkijok, Udalbiltzak eskaera kontuan hartuko ez balu "neurri administratiboak eta penalak har ditzaten".
Euskal Herriko udalen eta udal hautetsien biltzarrak herenegun jakinarazi zuen euskal herritartasuna sustatzeko dinamikak abian jarriko dituela. Oraingoz, haren ardatzak euskal ikurrak, euskal herritartasun agiria eta .eus domeinua izango dira.