Udalbiltzaren Nazio Gobernuak bere lehen bileran Euskal Garapen eta Kohesio Fondoa sortuko duela erabaki du. "Euskal Herrian dauden desorekak gainditzen laguntzeko, lurralde garapena eta kohesio sozioekonomikoa sustatzea du lehentasunen artean, hil hasierako batzarrean erabaki zuen bezala, eta Euskal Garapen eta Kohesio Fondoa izango da horretarako tresnetako bat", adierazi du erakundeak ohar baten bidez. Udalbiltzak uste du nazio eraikuntzarako "egitura eraginkorrak" sortzen hasi beharra dagoela.
Garapen eta Kohesio Fondoa abian jartzeko bidean, nazio eragileekin bilerak egiten ari da Udalbiltza, arlo eta egitasmo aldetik lehentasunak adoste aldera. Erakundearen lehen aroan ere antzerako egitasmo bat abiatu zuen, esaterako Zuberoaren garapen plangintzan parte hartuz.
Euskal Herriko udal eta udal hautetsien biltzarrak joan den martxoaren 2an egin zuen berrantolaketarako batzarra, eta han erabaki zituen lehentasunak, barne funtzionamendua eta zuzendaritza. Nazio Gobernuak —zuzendaritzak— ostiralean egin zuen aurreneko batzarra, Usurbilen.
Instituzio nazionalak une hauetan 1.276 udalbiltzakide ditu —hautetsi—; haietatik 167 alkateak dira.