Udalbiltzak nabarmendu du "Euskal Herriaren datuen ezagutzan, garapenean eta kohesioan urratsak" egin dituela 2013ko martxoan Donostiako Viktoria Eugenia antzokian egindako batzarraren ondotik, Euskal Herriaren "egituratzea laguntzeko eta udalen arteko saretzea sustatzeko".
Horrela, Euskal Herriko Garapen eta Kohesio Fondoa sortu du, Pirinioetako Lan eta Bizi egitasmoa indarrean ipini, eta dozenaka hitzarmen sinatu ditu erakunde eta eragileekin. Bestalde, naziotasunari buruzko gogoeta egin du "Euskal Herriaren marka eta posizionamendua munduan zehar kokatzeko asmoz", eta Ikerbiltza egitasmoa sortu du udalerrien eta unibertsitatearen arteko zubi lana egiteko, "dagoeneko emaitza bikainak ekartzen ari dena".
Lana "hasi besterik" ez dela egin azaldu du Euskal Herriko Udalen eta Udal Hautetsien Biltzarrak: "Erronkak berrikusi behar ditu, etorkizuneko helburuak finkatu, erronkei heltzeko bitartekoak zehaztu… Horregatik, otsailaren 20an Atarrabiako kultur etxean egingo den Nazio Batzarrean, Mertxe Aizpuruak gidatutako lantaldeak lekukoa pasatuko dio zuzendaritza berriari, datozen urteotako ildo estrategikoa finkatzeko eta garatzeko".