Gutxi falta da Udalbiltzaren kontrako epaiketa bukatzeko, eta auzipetuek, hasieratik bezala, absoluzioa eskatu dute. "Ez dago beste epai posiblerik", esan dute gaur.
Epaiketan Espainiako Poliziako eta Guardia Zibileko perituek aitortu dute "Udalbiltzaren jarduera publikoa eta zilegi" zela eta eurek ezin dutela frogatu ETArekin lotura zuenik. Gainera, onartu dute Udalbiltzak bere kabuz hartzen zituela erabakiak, ETAk agindu gabe.
"Beraz, Espainiako Auzitegi Nazionaleko aulkian eserita, galdera bakarra etorri izan zaigu burura egunotan: 'Deliturik gabeko eta probarik gabeko epaiketa izanik, zer egiten dugu hemen?'", diote auzipetuek. "Akusazioak erretiratzea izango litzateke erabakirik logikoena".
Uztailaren 15ean hasi zen epaiketa, eta azken txanpari "gogotsu" ekiteko eskatu diote auzipetuek euskal gizarteari. Hain justu, urriaren 25ean izango da hurrengo saioa, 26an bestea eta 27an amaituko da epaiketa. Froga dokumentalen, kalifikazioen eta parteen ondorioen txanda izango da orduan, eta epaiaren zain geratuko dira.
Fiskaltza eta Dignidad y Justicia akusazioek 10 eta 23 urte bitarteko espetxe zigorrak eskatzen dituzte 21 auzipetuentzat, ETArekin lotura dutelakoan. Udalbiltza, Partzuergoa eta Euskal Garapen eta Kohesio Funtsa legez kanpo uzteko eskatzen dute, era berean. 2003an izan zen Udalbiltzaren aurkako operazioa.
udalbiltza auzia
Udalbiltzako auzipetuek absoluzioa eskatu dute, "ez baitago beste epai posiblerik"
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu