politika

Udalbiltzako auzipetuek mobilizazio kanpaina hasiko dute gizarte eragileen babesarekin

Auzia salatzeko lehen elkarretaratzea gaur zortzi eginen dute, Donostian. Uztailaren 15ean hasiko da epaiketa. Gizarte eragileekin batzarra egin dute Andoainen.

2010eko maiatzaren 21a
18:44
Entzun
Udalbiltzako auzipetuek Martin Ugalde Kultur Parkean (Andoain, Gipuzkoa) bilkura egin dute gaur goizean arlo ezberdinetako gizarte eragileekin, eta auzia salatzeko mobilizazio kanpaina abiaraziko dutela adostu dute. Hala, auzia salatzeko lehen elkarretaratzea eginen dute Donostiako Bulebarrean, gaur zortzi.

Gaurko batzarran auzipetuen eta eragileen artean auziaren inguruko salaketa eta elkartasun dinamikari ekiteko hainbat ildo posible jorratu dituzte. Azaldu dutenez, guztien artean manifestu bat aterako dute, hurrengo asteetarako ekitaldi, ekimen eta mobilizazio egutegiarekin batera.

Martin Ugalde Kultur Parkean bildutako ordezkaritza zabala izan da. Eragile politikoen aldetik ezker abertzalea, EA, Ezker Batua eta Alternatiba egon dira. Aralar eta AB agertzekoak ziren, baina "agenda arazoak" direla medio ez dira bertan egon, auzipetuek jakinarazi dutenez. EAJ ez da batzarrera azaldu, ELA sindikatua ere ez, baina auzipetuek adierazi dute "harremana irekita" dutela erakunde horiekin.

Gainerakoan, izaera anitzeko ordezkaritza bildu da: LAB, EHNE, EILAS, HIRU, Gazte Abertzaleak, Iratzarri, BERRIA, Euskal Herrian Euskaraz, Kontseilua, Udalbide, Ikastolen Elkartea eta ESAIT, askoren artean.

22 auzipetu

Uztailaren 15ean hasiko da Udalbiltzaren aurkako epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Hil bereko 16, 22 eta 23an ere saioak izango dira, eta irailean jarraituko dute -7, 8, 9, 13, 14 eta 15ean-, Javier Gomez Bermudez dela epaimahaiburu, Egunkaria-ko itxiera kasuan bezala.

22 auzipetu daude, eta Fiskaltzak 10 eta 15 urte arteko kartzela zigorrak eskatu ditu. Dignidad y Justicia herri akusazioak, berriz, 14 eta 22 urte bitartekoak.

2003ko apirilaren 29an egin zuten Udalbiltzaren aurkako operazioa, Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak aginduta. ETArekin harremanak izatea egozten diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.