Udalbiltzako auzipetuek ez dute oso ondo ulertzen zer egiten duten Espainiako Auzitegi Nazionaleko akusatuen aulkian eserita. Beti esan dute errugabeak direla, beraiek ez dutela inolako loturarik ETArekin, eta Fiskaltzaren eta Dignidad y Justiciaren akusazioak gezurrezkoak direla. Baina, joan zen asteko auzi saioetan akusazioen perituen ahotik entzundakoak entzun eta gero, are sinesgaitzago egiten zaie bi akusazio horiek 10 eta 23 urte bitarteko zigorrak eskatzea 20 auzipetuentzat. «Fartsa handi bat geratzen ari da begi bistan».
Horregatik, akusazioen perituek egindako adierazpenen ostean, Fiskaltzak eta Dignidad y Justiciak akusazioak erretiratu beharko lituzkete, auzipetuen irudiko. Nolanahi ere, gaineratu dute ez dakitela horretarako asmoa dutenik. Maribi Ugarteburuk hitz egin zuen atzo Donostian, beste hainbat auzipeturekin batera emandako prentsaurrekoan. «Ezereza» agerikoa izan arren, oraindik ere epairik ez dagoela ohartarazi zuen, eta, horregatik, «lasai hartu beharrean» epaiketaren azken txanpan ere Udalbiltzaren eta auzipetuen absoluzioa eskatuz jarrera aktiboa edukitzeko eskatu zien herritarrei, instituzioei, alderdiei, sindikatuei eta gainerako gizarte eragileei. «Gizarteak esan dezakeena erabakigarria izan daiteke».
Gogora ekarri dituzte guardia zibilak eta polizia nazionalak diren perituek epaiketan egindako adierazpenetako batzuk: «Ezin dugu frogatu lotura dagoenik ETA erakundearen eta pertsona hauen guztien artean»; «Udalbiltzaren jarduera publikoa zen, eta zilegizkoa»; «gure ikerketen arabera Batzorde Eragilean hartzen ziren erabakiak Udalbiltzan; 30 bat pertsonak otsatzen zuten batzorde hori»; «dokumentuak eta testuak interpretatu egin daitezke, eta guk horixe egin dugu, interpretazioa».
Juridikoa ez, politikoa
«Askotan esan dugu auzi hau ez dela kontu juridikoa, politikoa baizik». Udalbiltza auzian, beste hainbatetan bezala, eskubide zibil eta politikoak urratzen direla, eta «ordezkaritza demokratikorako eskubidea eta instituzioak modu libre eta demokratikoan sortzeko eta garatzeko eskubidea». Auzipetuek nabarmendu dute beraiek ez direla hori esaten duten bakarrak, eta hala, azken urteetan jasotako babesa eskertu dute.
Epaiketak 25, 26 eta 27an jarraituko du, Madrilen. Froga dokumentalak ikusi eta azken ondorioak azalduko dituzte aldeek. Gero, epaiaren zain geratuko da auzia.
Udalbiltzako epaituek diote absoluzioa bakarrik dela posible, perituak entzunda
«Lasai hartu beharrean», absoluzioaren aldeko jarrera aktiboa hartzeko eskatu diote auzipetuek gizarteari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu