Fiskalak azken ondorioak aurkezterakoan argi azaldu ez duen arren, ez du zigorrik eskatu Alegriaren aurka. 18/98 auziari dagokion epaiketan ETAko kide izatea egotzita zigortu zuten Alegria, eta beraz, ezin dute berriz arrazoi beragatik zigortu. Gauza bera gertatu zen Miriam Camposekin, eta beraz, auzitik kanpo uztea onartu zuten akusazioek. Alegria, berriz, akusatuen eserlekuan mantendu zuten, diru publikoaren erabilera okerra egin izana egotzita. Baina, orain, arlo ekonomikoa baliogabetuta, fiskalaren eskaerarik ez du Alegriak. Hala ere, herri akusazio gisa ari den Dignidad y Justicia elkartearen abokatuak mantendu egin du akusazio ekonomikoa, eta beraz, Alegria ez dute auzitik kanporatu.
Udalbiltza, udal hautetsien instituzioa izanik, udalek laguntzen zuten diruz. Hori «ez da normala» DJkoarentzat eta horrek berez frogatzen du «irregulartasunak» zeudela, herri akusazio gisa ari denaren begietan. «Irregularra da udalek dirua ETAren helburuak eta ez Estatuarenak dituen erakunde bati bideratzea». Alor horretan legez kanpoko zerbait egin zen frogatu beharrik ere ez dagoela uste du, gainera: «Erabilera hain da argia, ez dagoela kontuak ikertzeko beharrik».
Fiskalak diru kontuen gaiari mantentzeko arrazoirik ikusi ez arren DJkoak mantendu izanaren aurrean, defentsako abokatuek oharra igorri diote herri akusaziokoari: epaimahaiak diru publikoak modu okerrean erabili zituztela oinarri hartuta egindako akusaziotik absolbitzea erabakiko balu, DJri akusazio horrek sortutako gastuak ordaintzera behartzea proposatu dute. Mindu egin du horrek herri akusazioko abokatua, eta defentsako abokatuen «mehatxua» salatu du.
Beste akusazio txiki bat, berriz, bertan behera utzi du DJkoak: «Autoritateari erresistentzia gogorra» egin ziotelakoan eskatutako zigorra kentzeko proposatu du. Urtebeteko kartzela eskatzen zuen Dignidad y Justiciak horregatik.
Eider Casanova etxera itzuli da, haren aitazendu delako
Eider Casanova auzipetuaren aita igandean hil zen, bat-batean. Hala ere, Madrila joan behar izan zuen akusatuak, epaiketara. Ahozko saioa hasi aurretik, etxera itzultzeko baimena eskatu zuen bere abokatuak, etxekoekin egon eta hiletara joan ahal izateko. 10:20ak aldera hasi zen ahozko saioa, eta, epaimahaiburuaren dolumina jaso zuen arren, eskaeraren erantzunik ez zuen 15:00ak arte jaso Casanovak. Akusazioak entzun arte akusatuen aulkian egon beharko zuela erabaki zuen epaimahaiak. Horiek bukatuta, familiarengana itzuli ahal zuen. Eider Casanovaren neba, berriz, espetxean dute 18/98 auziagatik.Defentsaren ustez, «fede txarrez» egin dira akusazioak, deliturik ez dagoela jakinda
Akusazioak gezurretan oinarritu direla salatu dute, eta egindako kalteak ordaindu behar liratekeelaA. L. Madril
«1972. urtean heriotz zigorra eskatzen zioten akusatu baten defentsan aritu nintzen eta 20 segundu iraun zuen nire defentsak. Orain ere berdina egin nezakeen. Akusazioek beraiek egin dute defentsa lana, agerian utzi dutelako ez dagoela inolako oinarririk akusazioak egiteko». Hitz horiekin hasi zuen arratsaldeko saioa Larraitz Sanzberroren abokatuak. Hark ireki zuen defentsaren txanda, eta gogor egin zuen akusazioen aurka; haserre. «Hainbeste saio eta ikerketen ondoren, ez dago ezer akusatzeko!».
Sanzberrori Ekineko kide izanda Udalbiltzan aritzea egozten diote. «Nire defendatuak kartzelan sartu zutenean jakin zuen zer zen Ekin», ohartarazi du abokatuak. Udalbiltzaren Partzuergoan idazkari gisa aritu zela azaldu zuen, baina, ez zuela besterik egin. «Erakunde guztietan daude idazkariak. Astakeria esaten ari da hemen! Auzitegi Nazionalak ez du aktak jasotzen dituen idazkaririk? Eta, ze erabakimen du?», egin zuen alderaketa.
Sanzberro Udalbiltzaren aurkako auzian epaitzeko froga bakarra Leire Idoiaga akusatuari autoan atzemandako lan kontratua dela ohartarazi du. «Gizarte Segurantzan behar bezala alta emanda lanean ari zela dioen nomina batek esaten du, antza, nire defendatua ETAkoa dela. Mesedez!».
Akusazioak gezurra direla jakinda egin zaizkiola sinetsita dago abokatua eta «fede txarrez» aritzea egotzi dio fiskalari. Akusatuari egin zaion kaltea konponezina dela salatu, eta nahita egindako kalteak egin dituenak ordaindu behar lituzkeela adierazi du. «Tafallakoak gara eta herri txikia da hori. Pasa den astean,senarra hil zuen emakume baten epaiketan egon naiz eta horri 11 urteko kartzela eskatu diote. Sanzberrori 14 urtekoa eskatzen badiote, zer ez ote du egin!', pentsatuko dute herritarrek».
Xabier Alegria, Karmele Urbistondo, Lander Etxebarria eta Oskar Goñiren defentsa lanetan ari den Kepa Manzisidorrek, akusazioen oinarriak goitik behera deuseztatu ditu bi orduko azalpenetan.
Akusazioek Udalbiltzaren aurka egiteko erabiltzen dituztenak instituziotik kanpoko pertsonek eta ETAk egindako hausnarketak direla ohartarazi du. Udalbiltzak berak emandako azalpenak edo idatzirik dituen helburuak ez dituela aintzat hartu. ETAk Udalbiltzari buruz egindako hausnarketa asko, gainera, ez datoz bat Udalbiltzak hartutako erabakiekin. «Beraz, ondorio argia behar luke ETAtik kanpo eta askotan aurka ere ari zela!».
Hainbat kontraesan azaleratu ditu Manzisidorrek. Akusazioek, esaterako, Udalbiltza 1999an ETAk EAJ eta EArekin sinatutako akordio baten ondorioz sortu zela diote. Hala ere, hasierako Udalbiltza hori zilegia dela. 2001. urtetik aurrerako Udalbiltza, berriz, ETAren menpe ari zela dute akusazioek oinarri. Ordurako EAJ eta EA ez zirela Udalbiltzan ari, eta ETAk eta Ekinek agintzen zutela bertan. Abokatuak ohartarazi duenez, hasierako eta geroko Udalbiltzaren oinarri eta helburuak berak ziren eta, beraz, ezin da bereizketarik egin. Halere, haren esanetan bitxia da ETArekin hitzarmena eginda sortutakoa zilegi izatea eta ez ondorengoa.
Akusazioak «nahita, asmo txarrez» egitea egotzi die akusazioei Manzisidorrek ere. EHNA jarri du adibide: «Euskal Herriko Naziotasun Aitormena den arren, euskal karneta edo dokumentu gisa itzultzen dute zuzena ez den arren». EHNAren tramitazioa 130.000 herritarren eskaera jasota abiatu zuela azaldu du, eta hori egitea zilegi dela.
Udalbiltza ETA edo Ekinekin lotzeko frogarik ez dagoela azaldu du, eta pertsona bakoitzari egindako akusazio zehatzak «gezurretan» oinarritzen direla.