10:30ean iraganen da jaialdia, plazan, herriko etxearen aitzinean, eta herritar guztiei ere bertaratzeko dei egin diete.
Azken herriko bozen ondotik, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako dozenaka hautetsik bat egin dute Udalbiltzarekin, erakundeak jakinarazi duenez. Atxikipen prozesua ez da oraindik bururatu, baina dagoeneko biltzarraren ordezkari kopurua aitzineko agintaldikoa baino handiagoa da. Saran, adibidez, Udalbiltzak ordezkari bakarra zuen, eta orain, aldiz, 23 dira Udalbiltzako kideak.
Sarako hautetsiak biltzarrera atxiki ondoko ekitaldi instituzionala izanen da astelehenekoa, eta bertan Battitt Laborde herriko auzapeza mintzatuko da. Euskal Herri osoko alkate eta zinegotzi ugari eta Udalbiltzako lehendakari Mertxe Aizpurua izanen ditu lagun.