Politika

Udalbiltzaren ustez, "zorakeria" da fiskalaren zigor eskaera

10 eta 15na urte bitarteko espetxe zigor eskaera egin du fiskalak 22 lagunentzat, "erakunde terroristako kide" izatea leporatuta. "Euskal Herriagatik lanean" segituko dutela esan dute auzipetuek.

2007ko irailaren 17a
18:09
Entzun
Juan Moral Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak ezker abertzalearen Udalbiltzaren aurkako auzian auzipetutako 22 lagunentzat 10 eta 15 urte bitarteko espetxe zigor eskaera egin izana "zorakeria" dela esan du gaur Udalbiltzak berak, Loren Arkotxa presidentearen bitartez, "eta zorakeriak mugarik ez duenean, egoera arriskutsuak ematen dira". Hala, Alemaniako nazismoa, Italiako faxismoa eta Espainiako frankismoa ekarri ditu gogora. "Hala ere, eraso politikoak eraso, irmotasunez aurrera segituko dugu, Euskal Herriagatik lanean. Gu ez bagaude, atzetik datozenek egingo dute lana".

Auzipetu guztiei "erakunde terroristako kide" izatea leporatu die fiskalak, eta, horrenbestez, 10 urteko zigor eskaera egin du bakoitzarentzat. Delitu hori ez ezik, diru publikoa bidegabeki erabiltzea leporatzen die lau laguni -Joseba Garmendiari, Loren Arkotxari, Xabier Alegriari eta Xabier Iragorriri-, eta aurrekoaz gain, beste 5 urteko eskaera egin du haien kontra; 15 urtekoa guztira. Euren lana "jendaurrekoa eta zintzoa" dela esan du Arkotxak.

Fiskalaren arabera, Ekinek jarri zuen abian Udalbiltza, eta Ekin ETAren adar politikoa zen. Orain epaiketa data ezarri beharko du Auzitegi Nazionaleko Zigor Salak.

1999an sortu zuten Udalbiltzak EAJk, EAk eta EHk baina, ETAk urte berean su-etena hautsi ondoren, bitan zatitu den udalen erakundea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.