Talde terroristako kide izatea egotzita Udalbitzako 22 kide daude auzipetuak. Baltasar Garzon epaileak duela bost urte ireki zuen euren aurkako prozesua, eta orain fiskaltzak hamar eta hamalau urte arteko zigorrak eskatzen ditu beraientzat. Kasua salatzeko, Udalbitzako auzipetuek Europako Parlamentura joko dute eta, horretarako, agiri bat prestatu dute. Alderdi ezberdinetako udal kargudunen 1.000 sinadura baino gehiago bildu dituzte manifestua babesteko.
Expe Iriarte da Udalbitzako auzipetuetako bat eta, adierazi duenez, "lan politiko eta instituzionala" egiteagatik zigortu nahi dituzte, eta euren delitu bakarra "euskal nazioaren alde lan egitea" dela gogorarazi du. Europako Batasunera igorriko duten agirian Udalbitzako auzipetuek diote, "komunitate politiko bat osatzeko" eskubidea dutela eta "eskubide horiek onartuak izateko eta errealitate bilakatzeko" lan egiten dutela. Beraz, agirian zehazten denez, "Udalbiltzaren aurkako prozesu judizial eta poliziala" martxan dagoen arren, "orain arte egindako lana ez da alferrikakoa". Izan ere, "negoziaketa eta bake prozesu batek porrot egiten duenean, beste ahalegin bat egin behar da eta, horretarako, ahalik eta indar gehien batu behar da".
Manifestuan gaineratzen da, "herritarren ordezkari demokratikoak herritar guztien eskubide politikoak eta zibilak bermatzeko bidean eragile aktiboak" izan behar dutela eta, horren harira, Udalbitza "berrantolatu eta eguneratu behar den balizko instrumentua" dela gogorarazten da.
Politika
Udalbitzako auzipetuek Europako Parlamentura joko dute
"Lan politiko eta instituzionala" egiteagatik zigortu nahi dituztela salatuko dute, eta euren delitu bakarra "euskal nazioaren alde lan egitea" dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu