Udalek autonomia gehiago izatea du xede Udalen Legeak

Udal Legearen proiektuaren zirriborroa aurkeztu du Salinerok, akordioak lortzeko helburuarekin

Agentziak
Bilbo
2010eko urriaren 23a
00:00
Entzun
Udalek finantza autonomia gehiago izatea du lehentasuna Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi honetan onartu nahi duen Udalen Legeak. Udalak «adin nagusikoak» izan daitezen lanean ari direla jakinarazi du Manuel Salinero Jaurlaritzako Presidentziarako idazkari nagusiak. Gobernu Kontseiluak joan zen astean onartutako zirriborroa aurkeztu zuen atzo Salinerok, Bilbon egindako agerraldian. Jakinarazi zuen atzo igorri zietela zirriborro hori Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioei eta Eudeli. Erakunde haiekin eta «nahi duen guztiarekin» akordioak egiteko borondate osoa azaldu zuen Salinerok, «erakundeen arteko lehiatasuna» abiapuntu hartuta. «Hau ez da ezeren amaiera, guztiaren hasiera baizik», esan zuen.

Zirriborroaren asmoa da Euskal Finantzen Kontseiluan udalek ordezkaritza «eraginkorra» edukitzea, Salinasek azaldu duenez; hala, Jaurlaritzaren, diputazioen eta udalen artean egiten den diru banaketa erabakitzeko orduan parte har dezaken.

Udalek Finantzen Kontseilu horretan duten ordezkaritza handitzekotan dira, eta, horretarako, Lurralde Historikoen Legea ere aldatu egin beharko dute. Salinerok nabarmendu duenez, orain arte diputazioek erabakitzen zuten zenbat diru eman udalei. Hori saihesteko, kontseiluan udalen hiru ordezkari izatea da asmoa, eta haiek Eudelek aukeratuko lituzke, «ordezkaritza politikoaren irizpideak jarraituz». Ordezkari horiek alkateak edo zinegotziak izango lirateke, eta «azken udal hauteskundeetan boto gehien jaso dituzten hiru alderdietatik» etorriko lirateke, zirriborroan jaso dutenez.

Aurreikuspenen arabera, Finantzen Kontseilua osatuko dute Eusko Jaurlaritzako hiru ordezkarik, diputazioetako beste hiruk eta udaletako beste horrenbestek. Horrela, maila batetik besterako «erasoak» egitea saihestu nahi dute, Salineroren arabera. Akordioak gehiengo osoz hartuko dira -bost boto-, eta, gutxienez, hiru maila instituzionaletako boto bat jaso beharko dute.

Udalenak bakarrik diren konpetentzien zerrenda ere badakarte zirriborroan, 33. artikuluan. Han azaltzen da besteek beren egiten ez dituzten konpetentziak ere udalenak direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.