HEZKUNTZA. GASTEIZKO HAUR ESKOLAK

Udaletxera eraman dituzte umeak, «alkateak zaindu ditzan»

Atea ordu erdiz itxi zuten, guraso eta aitona-amonen presioaren beldur

GASTEIZ
2004ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Hezitzaileen grebaren eraginez udal haur eskoletara joaterik izan ez zuten haurrak Gasteizko udaletxera eraman zituzten atzo goizean langile, guraso nahiz aitona-amonek, «umeak Alfonso Alonso alkateak berak zaintzeko».

Une batez, agian bildutakoen presioaren beldur, udaltzainek sarrera ixtea erabaki zuten; eta halaxe izan zen udaletxea ordu erdiz.LABeko ordezkari eta hezitzaile Marisa Diaz de Arkaiak «lotsagarritzat» hartu zuen udaletxea «herritarrentzat itxita izatea». Horregatik, haurren senideak, grebarekin haserre, atzoko istiluaren ondorioz «are haserreago» geratu zirela ohartarazi zuen.

«Gizarteak ulertu du ez dela langileen arazo soila»

Bestalde, herenegungo manifestazio jendetsua hizpide izan zen atzo. Zuriñe Sanz hezitzaileak nabarmendu zuen langileek «oso ondo» hartu dutela «gizartearen laguntza bikaina»: «Mobilizazioak agerian utzi zuen gizarteak ulertu duela auzia ez dela langileen gatazka soila, eta tartean daudela ereduarekin zerikusia duten hainbat eta hainbat kontu».

Bide beretik, Udaletxeko Langileen Batzordeko buru Ramon Uriartek ere oso ontzat jo zuen herenegungo manifestazioa, eta oposizioak, aldiz, «itxura politiko hutsa» izatea nahiago izan duela salatu.Grebaren ondoriorik larrienak atzo hasi ziren nabaritzen, ikasturtearen lehendabiziko eguna baitzen. Gasteizko udal haur eskolen sareak 17 zentro ditu eta 1.500 haur inguru hartzen ditu.Gainera, Langileen Batzordeko kideek bilerak egingo dituzte gaur goizean udal gobernu talde popularrarekin lehenik eta oposizioarekin gero. Hezitzaileen aldarrien taulari erantzuna ematea espero dute, negoziaketari «benetan ekiteko aukera» izateaz gain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.