Mozal legea ezarrita hamaika isun jartzen ditu Poliziak, baina isun horietako gutxi batzuk heltzen dira auzitara. Aste honetan eduki du epaiketa horietako bat Diego Jauregik (Bilbo, 1972), 2018ko abuztuan jarri zioten isuna erreklamatzeko. Jada badaki epaiketa irabazia duela, eta ez duela isuna ordaindu beharko, baina ez dago ados eman behar izan dituen pauso guztiekin: «Epailearengana joko nuela argi neukan; baina zenbat egongo ote dira poliziek arrazoia eduki gabe isuna ordaindu dutenak?».
Zeintzuk izan ziren isuna jartzeko udaltzainek erabili zituzten gertakariak?
Bilboko txosnetan hartu zizkidaten datuak, 2018ko jaietan. Lagun batzuekin nengoen, haiei Bilboko jaiak erakusten eta argazki batzuk egiten. Udaltzaingoa, azken urteetan bezala, taldeka ari zen txosnak ikuskatzen, eta, bat-batean, udaltzain bikote bat gerturatu zitzaidan. Sakelakoa eskatu zidaten, ustez argazkiak atera nizkielako. Telefonoa udaltzain bati ematea gehiegikeria bat iruditu zitzaidan. Gainera, poliziei argazkiak ateratzea ez da delitua; publikatzea, agian, izan daiteke. Nire lagunak harrituta zeuden gertatzen ari zen guztiarekin, eta, azkenean, soilik niri eskatu zizkidaten datuak. SOS Arrazakeria taldeko aholkulari judiziala izan naiz, eta badakit zeintzuk diren nire eskubideak. Horiek horrela, ordubetez egon ginen giro onean eztabaidatzen, eta alde egin zuten esanez ez zidatela mozal legea aplikatuko.
Beraz, aurretik ez zenekien isuna jarri behar zizutela?
Ez, airean geratu zen. Baina hilabete batzuk geroago etorri zitzaidan eskutitza. Informazio oso eskasarekin eta gertakarien eguna aipatu barik. Trafiko isun baten moduan zetorren, desakatu,desobedientzia eta halako hitzekin, baina inolako zehaztasunik gabe. Bizkor ordainduz gero, 150 euro; bestela, 300.
Zer pentsatu zenuen isuna heldu zenean?
Ez nuen ulertzen, eta berehala etorri zitzaidan burura: zenbat pertsonak ordainduko dute bidegabekeria hau? Egongo dira pertsona batzuk uste dutenak salatzea baino hobea dela bizkor ordaintzea; eta ordaintzen baduzu, onartzen ari zara arrazoia daukatela. Orduan, argi neukan salatu behar nuela zer gertatzen ari zitzaidan, eta isuna erreklamatu behar nuela.
Zergatik erabaki zenuen auzitara joatea eta gertatutakoa jendaurrean salatzea?
Pentsatu nuen nire isun zentzugabea erabiltzea mozal legea salatzeko, eta, bide batez, Bilboko txosnetan udaltzainek daukaten gehiegizko presentzia salatzeko. Alde batetik, Bilboko Konpartsekin hitz egin nuen, eta, beste alde batetik, mozal legearen kontrako plataformakoengana jo nuen. Niretzat erreza izan da, baina uler dezaket badagoela jendea ez daukana isunari aurre egiteko baliabiderik. Poliziak jendearen ezjakintasunaz baliatzen dira mozal legea ezartzeko. Lehenengo, isuna jartzen dizute, eta, gero, nahi baduzu, auzitara eramaten duzu. Hori da legeak daukan txarrena.
Zelakoak izan dira auzitara heldu arte egin beharrekoak?
Banekien froga barik jarri zidatela isuna, eta irabazteko aukera handia nuela. Hala ere, helegitea aurkeztu behar genuenean, oraindik ez genekien isuna zergatik zen. Horrek asko zailtzen zuen gure defentsa, eta, gainera, helegitea jartzeko hogei egun bakarrik nituen. Mozal legearen aurkako plataformakoen abokatuarekin egin nuen dena. Udaltzainen adierazpenak jakiteko eskakizun bat egin behar izan genion udalari, eta helegitea jartzeko epea bukatu zenean heldu zitzaigun adierazpena. Lau lerroko paragrafo bat zen, esanez ez niela telefonoa eman, eta «Txapeldunak, ez daukazue ezer gehiago egiteko» esaldia bota niela.
Udaltzainak epaiketara joan ziren?
Ez, antza ez daude behartuta. Isuna jartzea bakarrik da haien lana: geroko prozesu guztia haiek idatzitakoarekin egin behar izan dugu. Batetik, gure alde egiten du horrek epaiketan; baina, bestetik, daukaten arduragabekeriak amorrua ematen du. Haien adierazpenetan ez zen deliturik frogatzen; beraz, irabazi egin dugu.
Zer esan zenuen epaiketan?
Egia, besterik ez. Ni haiekin egon nintzen modu trankil eta apal batean hitz egiten, eta haiek ere bazekiten ez niela argazkirik atera. Hori da esan nuena. Nire abokatuak ere aipatu zuen prozesu guztia itsuan egin izan dugula, informazio falta handiarekin eta udaltzainek zer esaten zuten jakin barik. Hamar minutu egin genituen guztira aretoan.
Hori guztia gertatu ondoren, zer ondorio ateratzen duzu?
Mozal legeak Poliziari zer botere ematen dion, horretaz konturatu naiz. Baina kalean eta auzoan jaso dudan babesa ere oso adierazgarria izan da. Eskerrak eman nahi dizkiot mozal legearen aurkako plataformari eta baita egun hauetan animo mezuak bidali dizkidatenei ere. Eta norbaiti halako gauzaren bat gertatzen bazaio, mesedez, salatzeko eskatuko nioke. Plataformara etortzeko eta informazioa jasotzeko. Irabazteko aukera asko daude, eta, denok erreklamatuko bagenu, bertan behera utzi beharko lukete legea, epaitegiak kolapsatuko liratekeelako.