2010eko sanferminetako txupinazioan izandako istiluetan, botila baten kolpearen ondorioz zauritu zen Jose Carlos Arranz madrildarra, eta gaur adierazi du udaltzainek “maltzurkeriaz” jokatu zutela Udaletxe plazan ikurrin bat zabaldu zuten gazteen aurka. Horien aurkako epaiketan deklaratu du gaur Arranzek, lekuko gisa. Polizien jarrera ezbaian jarri du, plaza horretan, ikurrinez gain, “Galiziako eta Estatu Batuetako banderak” ere bazeudelako.
Arranz larri zauritu zen gertakari haietan. Poliziek abiatutako istilu haien erdian, botilak jaurti ziren, eta horietako batek gogor jo zuen haren buruan. Epaiketan azaldu duenez, hiru urteren ostean ez ditu gainditu kolpe haren ondorioak. Kazetarien aurrean eginiko adierazpenetan, berriz, Arranzek esan du epaituetako bi gerturatu eta “barkamena” eskatu diotela. Eskaera hori “berandu iritsi bada ere” onartu egiten duela adierazi du. “Barkamena onartzen dut jakin badakidalako [botila hori jaurti zuenak] ez zuela nire aurka jaurti. Botilak ez dira inoren aurka bota behar, izan poliziak edo izan zibilak, baina ni horren guztiaren biktima bat naiz”.
Herenegun hasi zen hamahiru lagunen aurkako apaiketa Nafarroako Lurralde Auzitegian. Zigor eskera gogorrak eskatu dituzte fiskalak eta akusazio partikularrak haien aurka. Denera, 33 urteko espetxe zigorra —bi urte ingurukoa bakoitzarentzat— eta 150.000 euroko isuna eskatzen du fiskalak, “atentatu eta desoderna publikoak” egitea leporatuta. Akusazio partikularraren eskaera are handiagoa da: 160 urteko espetxe zigorra —hamar urte ingurukoa bakoitzarentzat— eta 350.000 euroko isuna.