72 ordu Bilbotik Baionara lelopean bi eguneko elkarretaratzea abiatu zuten dozenaka lagunek igandean. Leloak berak dioen moduan, hiru eguneko protesta baketsua egitea zen haien asmoa. Helburua, berriz, etorkinentzako "arreta integrala" aldarrikatzea. Ordea, igande iluntzean bezala, astelehen gauean ere, udaltzaingoak kanpadendak kendu zizkien Areatzan bilduta zeudenei.
Areatzan bildutakoek lurrean eserita eta "Eskubide guztiak denontzat!" oihuka erantzun diote operazioari. Antolatzaileek, berriz, salatu dute gaua kale gorrian igaro behar izan dutela hainbatek, udaltzaingoak Ertzaintzaren istiluen aurkako brigadaren babesarekin dendak eraman ostean.
"Adierazpen eta manifestazio askatasunaren aurkako erasoa da hau, eta udaltzaingoaren eskumenetatik harago doa", salatu du plataformak ohar batean, eta udalari egotzi dio erantzukizuna.
Kalean geratu diren migratzaileei harrera egiteaz arduratu dira Bilboko hainbat auzo elkarte udan. Ordea, harrera sarea ohartu da "mugak" dituela, eta auzoentzat oso zaila dela sistema horri eustea. Horiek hala, amaitutzat jo dute euren lana, eta migratzaileak sakabanatu egin dituzte: 37 EAEko CEAR-ek Oñatin (Gipuzkoa) duen aterpetxean jaso dituzte, eta beste 60 inguru Bizkaiko hainbat herritan. Baina badira kalean geratu direnak ere.