Antolatzaileek gaur salatu dutenez, Gasteizko Udalak azken orduan ukatu die jaialdia egiteko baimena, segurtasun pribaturik ez zuela eta sarreren bitartez etekin ekonomikoak atera nahi zituztela argudiatuta. Antolatzaileen arabera, "guztiz zentzugabeak" dira argudiook.
Diotenez, segurtasuna bolondresen bitartez bermatuta zegoen eta sarreren bidez lortutako dirua sakabanaketa politika pairatzen duten Arabako 56 familientzat zen. Hori hala, Javier Maroto (PP) alkatearen debekua "erabaki politikoa" izan dela salatu dute. Halaber, arbuiatu dute udalaren espazio publikoaren erabilera erraztu edota oztopatu egiten dela interes politikoen arabera.
Bestetik, sarreren itzulerari buruzko informazioa ere eman dute antolatzaileek: erositako gunean pultsera aurkeztuta dirua itzuliko da, eta internet bidez sarrera eskuratu dutenekin helbide elektronikoaren bitartez jarriko dira harremanetan.
Ostegunean zen hastekoa Gasteizen presoen senideei sakabanaketak eragiten dizkien gastuekin laguntzeko musika jaialdia. Mandoilek, Arramazka, Gatillazo, Soziedad Alkoholika, Ze Esatek! eta Tximeleta taldeek jo behar zuten, baina Gasteizko Udalak debekatu egin du, eta bertan behera geratu da.