Lehen asteburuko emozio eta festa giroa apaldurik, aste barruko hamaika ekitaldiei ekin diete Bilboko Aste Nagusian. Urterokoa da Hau Pittu Hau konpartsaren Euskara saria, eta aurten Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea (Uema) izan da saritua. “Uema eta konpartsaren helburua berbera da: Euskal Herri euskalduna lortzea”. Mankomunitateko kideek “ilusioz eta poz handiz” jaso dute saria, gaur arratsaldean.
Horiekin batera, euskara ikasleek urteroko bazkaria egin dute Algara konpartsaren txosnan. Euskara ikasleek Aste Nagusia euskaraz bizi ahal izateko sortu zuten ekitaldi hori duela hogei urte, eta gaur ere bete dute txosnako esparrua.
Jendetzarik handiena bildu duen ekitaldia arratsaldean heldu da. Bilboko Konpartsek eta udalak elkarlanean antolaturik, Aerobithonak Areatza osoa bete ohi du urtero, eta aurten ere ez da salbuespena izan. Giro paregabean aritu dira bilbotarrak, festa garaian dena ez dela parranda erakutsiz.