UEU Udako Euskal Unibertsitateak lehen ikastaroak antolatu zituenetik 40 urte bete direlarik, urtemuga hori ospatzeko parada eman zuen UEUk atzo, orain dela 40 urte bezala, Baionako Euskal Erakustokian. Ekitaldian izan ziren euskalgintzako herri mugimenduetako zenbait eragile, agintari, euskaltzain eta hainbat hedabidetako langile. Urteetako bide luzeaz aritu ziren ekitaldian hitza hartu zuten eragileak.
Berrogei urtean euskararen eta unibertsitatearen alde egindako lan eskerga gogorarazi zuen Karmele Artetxe zuzendariak. Azaldu zuen Karlos Santamariak proposatu zuela UEU sortzea, eta xede hori 1973an gauzatu zela, Euskaltzaindiaren babesarekin. Alta, nabarmendu zuen aurtengo ospakizunak baduela gazi-gozotik: ikastaroetan parte hartzen duten irakasleen eta ikasleen kopurua egonkorra bada ere, krisi garaia argudiotzat hartuta, Eusko Jaurlaritzak laguntza izenduna kendu dio aurten UEUri, eta gainerateko laguntzak murriztu. Erabaki «mingarria» izan dela aitortu dute unibertsitateko arduradunek, baina ez duela eragotzi aurtengo ikastaroak antolatzea eta ondoko urteotako lanean jartzea begirada.
Euskara hutsez
Jean Haritxelhar euskaltzainburu izandakoak gogora ekarri zuen UEUko lehen ikastaroak Donibane Lohizunen (Lapurdi) egin zituztela; 90 ikasle eta hogei irakasle inguru elkartu ziren. «Guztiak euskara hutsean jarduten». Gazteriaren jakin-min hura euskaraz bideratzeko tresna izan zen UEU. Egitasmo luzea eta ibiltaria, Donibane Lohizunetik Uztaritzera eta Baionara egin baitzuen txangoa.
«Katebegiz katebegi, kate luze bat osatzen ari da euskal jakintza», erran zuen Eneko Bidegain kazetari, Mondragon Unibertsitateko irakasle eta UEUko kideak. Irakasle gisa, azaldu zuen hunkigarria dela ikustea etorkizuneko ikertzaileak prestatzen ari direla. Erantsi zuen euskara biziko dela UEU hor dagoen bitartean eta UEUren inguruan euskaraz ikertzen eta pentsamendua sortzen dutenak badauden bitartean.
Katebegiaren irudia baliatu zuen atzoko ekitaldian, Euskal Erakustokiko areto nagusian bildutako euskaltzaleei erreferentzia eginez, han baitziren UEUren ibilbidean parte hartu duten hainbat belaunalditako kideak, baita lehen urteko ekitaldian parte hartu zutenak eta unibertsitateko ikasle berriak ere.
Hitzaldiak egin bitartean, Asisko Urmeneta marrazkilariak irudia eman zion UEUren 40 urteko bideari, urteka antolatuz marrazkiak, UEUren ibilbidea irudikatu zuen karikaturak erabiliz. Ekitaldiaren iraupenak behartuta, ibilbidea 2000. urtean bukatu behar izan zuen marrazkilariak, baina bildutakoek garai haietako «bizipenak» gogoratzeko parada ukan zuten, Urmenetaren eskutik.
UEUk 40 urteko ibilbide oparoa ospatu du Baionan
Euskalgintzan aritutako hainbat belaunalditako eragile ugari izan dira Baionan egindako urteurreneko ekitaldian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu