Pandemiak ekarritako egoera ez zen samurra, eta zalantzak ugariak ziren, baina, azkenean, UEU Udako Euskal Unibertsitateko kideek «ausartak eta sortzaileak» izatea erabaki dute, eta aurten ere udako ikastaroak antolatuko dituzte, 48. aldiz, aurrez aurreko saioekin eta beharrezkoak diren segurtasun neurri guztiak hartuz.
UEUko zuzendari Kepa Sarasolak eta udako ikastaroen arduradun Irati Iciarrek azaldu dutenez, aurtengo ikastaroek berritasun ugari izango dituzte, egoerak behartuta. Lurraldetasunari eutsiko diote, eta, betiko legez, Eibarren (Gipuzkoa), Baionan eta Iruñean antolatuko dituzte saioak, baina Eibarkoak uztailaren bigarren astean egingo dituzte, eta Baionakoak eta Iruñekoak, berriz, irailean.
Orotara, 17 jarduera, 12 ikastaro eta bost jardunaldi antolatuko dituzte. Taldeak txikiagoak izango dira, segurtasun neurriei eutsi ahal izateko, eta ikastaro bakoitzari 10 euroko prezio sinbolikoa ezarri diote.
Garrantzia berezia eman nahi izan diote hasiera ekitaldiari. Bi urte barru, UEUk 50 urte beteko ditu, eta, urteurrenari begira, UEUrentzat «estrategikoak» diren zenbait arlo jorratu nahi dituzte. Aurtengo udako ikastaroen hasiera ekitaldiak, Bilbon egitekoa zenak, izaera hori zuen, eta euskaraz egiten den ikerketaren nondik norakoak aztertzea zuen xede. Horri eutsi egingo diote, baina jardunaldi birtuala izango da; ekainaren 18an egingo da, eta Zientziak eta euskara: esperientzietatik etorkizunera izango du goiburu.