Euskara

UEUk, Nazio Eztabaida Guneak eta Kontseiluak Euskal Unibertsitatea sortzeko sustapen taldea eratu dute

2010erako nahiko lukete unibertsitatearekin haztea, eta kokagune fisikoak aztertzen ari dira. Orain Fundazioa sortu nahi dute, eta horretarako eragile sozial, ekonomiko, sindikal eta politikoekin harreman saio "zabala" egingo dute.

2008ko otsailaren 11
18:59
Entzun
Euskal Unibertsitatearen egitasmoak duen "garrantzia eta dimentsioa" aintzat hartuta, Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) "ezinbestekoa" ikusi du hainbat bide-lagun izatea, eta aurrerantzean egitasmoaren ardura Nazio Eztabaida Gunearen, Kontseiluaren eta hiruren artean egongo da, gaur Iruñean sinatu duten hitzarmenaren arabera. Hirurek osatuko dute sustapen taldea.

"Gaurko ekitaldia Euskal Unibertsitatearen proiektuaren garapen eta gauzapenerako abiapuntua izanen da", esan dute UEUk, Nazio Eztabaida Guneak eta Kontseiluak gaur, eta Joxan Oiz izango da taldeko ordezkari. 2010erako nahiko lukete unibertsitatearekin haztea, zortzi karrerekin. Kokagune fisikoak aztertzen ari dira Gipuzkoan eta Nafarroan.

Eragile haien "helburu nagusia" orain Euskal Unibertsitatearen aldeko Fundazioa sortzea da. "Fundazio honek, Euskal Hezkuntza Sistema Nazionalaren aldeko izan daitezkeen eragile sozial eta ekonomikoak bilduko lituzke, eta hurrengo urteetan urrats sendoak eginez egitasmoa gauzatuko luke". Fundazioa osatze bidean, hurrengo hilabeteetan eragile sozial, ekonomiko, sindikal eta politikoekin harreman saio "zabala" egingo dute.

Gaurko prentsaurrekoan Lore Erriondo UEUko zuzendariak, Maite Aristegi Nazio Eztabaida Guneko ordezkariak, Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak eta Joxan Oiz Euskal Unibertsitatea sustatzeko taldeko koordinatzaileak hartu dute parte.

Nolako unibertsitatea?

Euskal Unibertsitatea Euskal Herri "osoaren garapenaren zerbitzura" egongo den erakunde "euskaldun, herritar eta nazional berria" izango da, haien arabera. "Gaur egun ez dago Euskal Herrian halako ezaugarriak betetzen dituen unibertsitaterik, eta Euskal Herriak behar-beharrezkoa du. Izan ere, gauza jakina baita hezkuntza eta ikerkuntza alorrek jendarte zein herrien garapen eta biziraupenean duten garrantzia".

Azken urteetan horri buruzko aldarrikapenak egin izan dira. UEUk sustatuta, batzorde bat lanean aritu da azkeneko urteetan, eta horren emaitza nagusia 'Euskal Unibertsitatea' izeneko aurreproiektua izan da (2006ko uztaila). Aurreproiektua bost oinarri nagusiren gainean egina dago:

"1. Euskaldunon unibertsitate eleanitza.

2. Euskararen hizkuntza komunitatea eratzeko eta garatzeko erakundea.

3. Gizarte-partaidetzazkoa, herriaren zerbitzura eta demokratikoa.

4. Euskal Herriaren eraketa politiko sozialerako lagungarria.

5. Europako unibertsitate esparruan homologagarria".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.