Eusko Jaurlaritzak barkamena eskatu du ziklogenesi lehergarriaren inguruan hartutako neurriek herritarrei eragindako oztopoengatik, baina «egoeraren larritasunaren araberakoak» izan zirela esan du. Haizeak gogor jo zuen, batez ere barnealdean. Orduko 140 kilometroko haize boladak izan ziren Gasteizen, Amurrion (Araba) eta Ordizian (Gipuzkoa). Xynthia haizetearen ondorioz suteak sortu ziren, argindarra joan zen eta errepide batzuk itxita egon ziren. Atzo, Jaurlaritzak bertan behera utzi zuen alerta.
Igeldoko Meteorologia Zentroko zuzendari Margarita Martinen ustez, datuei erreparatuta, iragarpenak bete ziren. «Hala ere, haizeak guk espero baino gogorrago jo zuen barnealdean, eta arinago kostaldean». Erakundeek hartutako neurriak egokiak izan zirela uste du Martinek: «Beti egiten da kritika. Baina zer gertatuko litzateke haizetearen ondorioz tren bat bidetik irten balitz? Frantzian gertatutakoa ikustea besterik ez dago haizete batek eragin dezakeenaz jabetzeko». Gainera, Martinek ez du baztertzen hurrengo urtean ere ziklogenesi bat izatea. «20-30 urtero gertatzen da. Baina behin geratzen bada, hurrengo bizpahiru urteetan errepikatu egiten da».
Atzo eguerdian 24.000 etxebizitza zeuden oraindik argindarrik gabe. Horrez gain, suteak izan dira haizeteak utzitako ondorio larrienak. Handienak Jaizkibelen (Gipuzkoa), Artxandan (Bizkaia) eta Gamiz Fikan (Bizkaia) izan ziren. Errepide batzuk itxita egon ziren, goi tentsioko kableak erori zirelako. Itxita egon ziren, adibidez, AP-68a Amurrio parean, eta N-240a Areatzan (Bizkaia). Urduñako mendatea hainbat orduz itxita egon zen. Han jaso ziren haize ufadarik handienak: orduko 228 kilometro. Soraluzen (Gipuzkoa) bide seinale bat erori zen, eta bi zauritu larri eta sei arin eragin zituen. Beasainen (Gipuzkoa) hainbat baserri hustu zituzten.
Nafarroan 300dik gora gorabehera izan ziren, gehienak Iruñerrian. Batik bat zuhaitzak eta teilak erori ziren, eta sute txikiak izan ziren.
Ziklogenesiak hainbat gorabehera eragin zituen Iparraldean ere. Urruña eta Azkaine (Lapurdi) artean, Larrunen bazterrean aurkitzen den Ziburu mendia izeneko gunea erre zen larunbat gauean. Ehun hektarea, orotara. Sua nahita piztu dutelakoan daude. Haize ufadengatik kaltetutako beste lekuetako bat Atharratzeko kantonamendua (Zuberoa) izan zen. Atzo oraindik etxe asko telefono eta elektrizitaterik gabe zeuden. Atharratze aldean bezala, Baigorri eta Aldude aldean (Nafarroa Beherea) ere elektrizitate arazoak izan dituzte.
Ufadak, neurri irmoak eta kalte arinak
Bertan behera utzi dute 'Xynthia' haizeteak eragindako alerta egoera Euskal Herrian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu