Tolosako Udalak euskara lehenetsi du kontratazio publikoetan. Meritu moduan jaso du. Hilabete batzuk igaro dira hori egin zuenetik. Emaitza: azken bizpahiru hilabeteetan herriko hogei bat enpresak abiatu dituzte Bai Euskarari Ziurtagiria lortzeko tramiteak. «Horrek erakusten du zein eragin duten administrazioek hartzen dituzten neurriek lan munduaren euskalduntzean. Ezinbestekoa da haien lidergoa», nabarmendu du Rober Gutierrezek, Bai Euskarari Ziurtagiriko zuzendariak.
Ugaritze hori ere antzeman dute euskara planak egiten dituzten enpresetan. Batik bat Gipuzkoan sumatu dute hazkundea, eta zerbait Bizkaian. «Gehienbat administrazio publikoentzat lan egiten duten azpikontratatutako enpresak dira. Logikoa da. Azpikontratatutako enpresak administrazioarentzat ari dira lanean, eta administrazioek ziurtatu behar dute hizkuntza eskubideak bermatzen dituztela beraientzat lan egiten duten enpresek», adierazi du Emun enpresako langile Juan Luis Arexolaleibak.
Krisi garaietan enpresak are lehiakorrago izatea bilatzen dutela gogorarazi du Elhuyar Aholkularitzako Aizpea Garatek: «Pixkanaka gero eta gehiago ari dira konturatzen euskarak horretan laguntzen diela, batik bat zerbitzu enpresak. Argi dugu administrazio publikoek sustatzen dituzten neurriek badutela eragina. Hori ez da bakarrik euskara planekin gertatzen, baita berdintasun planekin ere, adibidez».
Hizkuntz eskubideen aldetik ez ezik, ekonomiaren aldetik ere «logikoak eta arduratsuak» iruditzen zaizkio Gipuzkoako Foru Aldundiak euskara lehenesteko aste honetan hartutako neurriak. «Urte hauetan diru publikoa gastatu dute administrazioek lan mundua euskalduntzeko, eta orain horri etekina ateratzeko unea da». Duela hogei urte abiatu ziren lan mundua euskalduntzeko politikak. Egun 280 bat enpresak dute euskara plana. «Batzuek beren kabuz egin dute, baina beste batzuek administrazioaren diru laguntzak jaso dituzte», azaldu du Garatek.
Aldundiaren neurri horiek hizkuntz eskubideentzat duten garrantziari erreparatu dio Garatek. «Beren hizkuntzan bizi ahal izatea herritarren eskubidea dela kontuan hartuta, harrigarria eta gogorra egiten zait entzutea halako neurriak hartzea faxista dela eta delitu zantzuak daudela. Malgutasunez jokatu behar duela jakinda, aldundiari bere asmoei tinko eusteko eskatuko nioke».
Arexolaleibak gogorarazi du, gainera, euskara plana zuten enpresen kopurua handituz joan zela krisia hasi baino lehen baina azken urteetan eten bat izan dela. «Krisi garaietan enpresek beste lehentasun batzuk izaten dituzte, eta kasu askotan euskara planetatik mozten hasten dira. Hori dela eta, une honetan are funtsezkoagoa da administrazioen ekimena», esan du Gutierrezek.
Dena den, baikor izateko beste datu bat erantsi nahi izan du Garatek. «Krisiaren aurretik planakzituzten enpresek eutsi egiten diete planei. Ikusten da asebete egin dituela. Gainera, egungo mundu globalizatuan enpresentzat elebidun izatea ez da nahikoa. Beste hizkuntza batzuk ere ari dira indarra hartzen: alemana, txinera... Hizkuntzak duen garrantziaz ohartzen diren enpresek landu beharreko beste alor baten moduan ikusten dute, eta errazago egokitzen dira errealitate berri horretara. Enpresa barrurako ere mesedegarria da, langileek ikusten dutelako beren hizkuntz eskubideak bermatzen direla».
Politika «ausartagoak»
Gero eta eleaniztunagoa den lan munduaren errealitate horretan euskarak bere lekua izan behar duela nabarmendu dute. «Horretarako, funtsezkoa da hizkuntza hegemonikoekin dugun harreman hori errotik aldatzea. Euskara lehenetsi behar da», defendatu du Gutierrezek. Hizkuntz politika ausartagoak eskatu dituzte Garatek eta Arexolaleibak ere. «Ezagutza, erabilera eta motibazioa ardatz dituzten politikak behar dira. Hiru elementu horiek elkar hartu behar dute. Baina orain bereziki garrantzitsua iruditzen zaigu motibazioan eragitea, jendearen nahia sustatzea», Arexolaleibak dioenez.
Politika horietan adostasunak izatea ezinbestekoa iruditzen zaie. Gutierrez: «Argi dago ardura administrazioek dutela, baina lan munduan beste eragile batzuk daude: sindikatuak, patronala... Denen artean hitz egin behar dute, eta urratsak egin. Horretarako ez da dirurik behar, borondatea eta konpromisoa baizik».
Ugaritu egin dira euskara ziurtagiriak eta planak eskatzen ari diren enpresak
Administrazioen neurriek duten eragina berretsi dute lan mundua euskalduntzen jarduten duten eragileek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu