azpiegiturak

Ugartek adierazi du Bidegin ez zela "beharrezko kontrol publikoa" egon

Gipuzkoako Bide Azpiegituretako diputatu eta Bidegiko oraingo presidentearen ustetan, Bidegiren filosofia "guztiz" aldatu behar da. Katty Nevado Bidegiko zuzendari nagusiak salatu du ez zegoela "taldeko lanik", ez "hilabeteko balantzerik", ezta "urte amaierara arteko datu ekonomikorik" ere. EAJko aurreko kudeaketaren alde agertu da.

2013ko apirilaren 11
14:28
Entzun

Gipuzkoako Batzar Nagusietara itzuli da gaur Bidegiren gaineko afera. Larraitz Ugarte Bide Azpiegituretako diputatuak azaldu duenez, "diruaren kudeaketa enpresa pribatuen esku" utzi dute aurreko kudeatzaileek, kudeaketa horrek "guztiena" izan behar zuen arren.

Argitu du Bidegi ezin dela desagertu, finantza erakundeekin 900 milioi euroren zorra duelako; hala ere, zorra kitatzen ez bada "aldundia hipotekatu" egingo dela ohartarazi du. Horregatik, Bidegi eustearen alde agertu da, baina filosofia "guztiz aldatuta".

Zuzendariaren kritikak

Katty Nevado Bidegiko zuzendari nagusia kritiko agertu da Bidegin aurretik egindako kudeaketarekin. Haren arabera, kudeaketa planik ez zegoen, ezta erabiltzaileen gaineko planik ere, eta salatu du erabiltzaile horien "beharrak" ez direla inoiz "aztertu".

Nevadoren iritziz, kudeaketa "oso hierarkizatzailea" zen, ez zegoen "taldeko lanik", ez zegoen "hilabeteko balantzerik" eta "urte amaierara arte" ez zegoen datu ekonomikorik. Bidegiko egungo zuzendariak azaldu du kargua hartu zuenetik "oztopoak" izan dituela informazioa eskuratzeko.

Bidegik duen zorraren gainean esan du egoera "nahiko larria" dela, eta neurriak hartzen ez badira "pare bat urtetan" Bidegi ez dela gai izango "konpromisoei erantzuteko".

Atzo Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak azaldu zuen Bidegiko agiri batzuk ezabatu dituela norbaitek ordenagailutik.

EAJren erantzuna

Aintzane Oiarbide EAJko eleduna Bidegin egindako kudeaketaren alde agertu da, eta gogorarazi du kontrol publikoa administrazio kontseiluak zeramala —horretan EH Bildun dauden alderdietako ordezkariak zeuden—.

Oiarbideren ustetan, Ugartek "espioitza" egin du Bidegin, eta "gezurra" esan du fakturak desagertu egin zirela iradokitzerakoan.
 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.