Cabacas auziko seigarren saioa dute gaur Bilboko epaitegian, eta ertzainak dira deklaratzen hastekoak, lekuko gisa —sei polizia daude akusatuta, eta joan den astean deklaratu zuten—. Lekuko modura deitu dituztenen artean dago Ugarteko esaten diotena ere, Cabacas hil zutenean Deusutuko ertzain etxeko burua zena. Gaur, akusatuta dagoen ofizialaren bizkar jarri du operazioren ardura. "Operazio arduradunaren eginkizuna da baliabideak bideratzea arazo bat dagoenean, baina ez du esaten nola", adierazi du Ugartekok epailearen aurrean.
Ofizial hura da, akusatuen artean, garai hartan kargurik gorena zuena —gaur egun, erretiroa hartuta dago—, eta epaiketan operazioa kritikatu zuen bakarra: "Ni ez nintzen sartzearen aldeko". Gainerako bost auzipetuek "zuzena eta egokia" izan zela esan zuten.
Beste hamar ertzainek ere deklaratu behar dute gaur, lekuko gisa.
-7047 agentea
Bera izan da deklaratzen bigarrena. Ezkutua zeraman. Dioenez, harekin zihoan ertzainak tiro bakarra egin zuen, eta pilotarik gabe, Poza kalean.
-8144 agentea
Deustuko ertzain etxeko arma biltegian lan egiten zuen. Berak erregistratzen zuen nori ematen zioten eskopeta bakoitza, baina azaldu duenez, gero furgonetan gauzak aldatzen baziren, ez zioten jakinarazten. Ezin du zehaztu zenbat pilota erabili ziren. Hutsik zeuden poltsak berriro pilotaz betetzen zituen, baina ez zuen ezer apuntatzen.
Eskopetak itzuli zituztenean, lekukoak denak garbitu zituen, erabilitakoak zein erabili gabeak. Ondorioz, ezin da jakin zeintzuk erabili ziren: "Garai hartan, gauzak horrela egiten ziren". Eskopetak garbitu zituen gauean ez zekiela pilota batek zauritutako gazte bat egon zela. Fiskalari "sinesgaitza" egin zaio hori: "Zure lankide guztiek bazekiten".
-12003 agentea
Gau hartan 032 zenbakia zuen, eta patruila batean zihoan. Ugartekoren aginduak jasotzen zituela esan du. Patruilarekin pasatu ziren. Lekukoak esan zion Ugartekori plaza "jendez beteta" zegoela. Ez zegoen istilurik. Furgonetak iritsi zirenean "15 edo 20 gazte" botilak botatzen hasi ziren, eta bat atxilotu zuten.
-12293 agentea
Aurreko lekukoarekin zihoan patruilan. Lekukoak esan du kalezuloaren ingurua "esparru etsaia" zela Ertzaintzarentzat: "Beste batzuetan ere istiluak egon izan dira".
-7601 agentea
Lekukoaten arabera, "denetarik" erortzen zen haren furgonetaren gainera, besteak beste, ardo botila bat. Hala ere, ez du gogoratzen bere kideek tiro egin zutenik.
-7422 agentea
Hasieran pilotarik gabe tiro egin zutela adierazi du, baina gero pilotak jaurti zituztela. Berak pilotak ikusi zituen. Ertzain bat ikusi zuen tiroka, furgonetako ate zabalduaren atzean babestuta. Haren esanetan, ofizialordeak eman zien tiro egiteari uzteko agindua: "ez dut tiro bat gehiago nahi".
Lekukoak aitortu du bilera izan zuela Jaurlaritzako abokatuekin bere deklarazioa prestatzeko.
-7015 agentea
Lekuko horrek ere ez zuen entzun tiro egiteko agindurik.
-11248 agentea
Lekukoak ez du ia ezer gogoratzen, eta ez zuen inor ikusi tiro egiten.
-12114 agentea
Lekukoak ezkurua zeramala azaldu du. Epaileak haserre daldetu dio ezkutuak eskopeteroak babesteko badira, eta ertzinen aurka hainbeste gauza botatzen ari baziren, zergatik zegoen kontrako espaloian. Abokatuak ere ildo beretik eskatu dizkio azalpenak. "Esan duzunez, kalezuloan istilu larriak zeuden, baina zuek bizkarra emanda zaudete".
Ugartekok zuzendu zuen operazioa. 2013ko apirilean, Gara egunkariak argitara eman zituen ertzainen arteko elkarrizketen grabazioak. «Hemen ez dago istilurik, ez zauriturik», zioten gertaeren lekuan zeudenek. «Kalexkan sartu, daukagun guztiarekin», erantzun zuen Ugartekok Deustuko polizia etxetik.
Iñigo gogoan plataformak deituta egin dute protesta, saioa hasi aurretik. Gaurkoa "egun berezia" dela esan dute: "Justiziarik balego, Ugartekok akusatuen artean egon beharko luke, eta ez lekuko gisa". Cabacasen senide eta lagunez gain, gaurko saioan dira Laia Serra abokatua eta Carles Guillot Stop Balas de Goma plataformako kidea ere, Herrialde Katalanetatik etorrita. Begirale gisa arituko dira.
Laia Serra abokatua eta Carles Guillot Stop Balas de Goma plataformakoa etorri dira begirale gisa @berriapic.twitter.com/0kcPAne48H
— Gotzon Hermosilla (@GotzonH) 2018(e)ko urriaren 24(a)