sindikatuak

UGT eta LABeko ordezkariek gaur egindako lehen bileraren ostean bi sindikatuen arteko harremana normalizatzeko asmoa agertu dute

UGT eta LABeko ordezkariak lehen aldiz bildu dira gaur LAB sindikatuak Bilbon duen egoitzan. Damaso Casado UGTko EAEko idazkari nagusia eta LAB sindikatuko idazkari nagusi Rafa Diez izan dira bilera horretan eta, besteak beste, gaurko bilera bi sindikatuen arteko harremana normalizatzeko lehen urratsa izan dela azaldu dute. Sindikatuek Euskal Herriko bake prozesuan egin behar dituzten ekarpenak eta egun langilek bizi duten lan egoera izan dituzte hizpide.

2006ko otsailaren 7a
19:38
Entzun
Bilera LABek Bilbon duen egoitzan egin dute gaur eta UGTek eskatutako bilkura izan da. Izan ere, UGTren azken biltzarrean EAEko sindikatu eta alderdi politiko guztiekin harremanak izan eta horiek normalizatzeko erabakia hartu baitzuten.

Bilkuraren ostean, Rafa Diez LABeko idazkari nagusiak azaldu du "sindikatuek bakerako bidean egin ditzaketen ekarpenak aztertzeko konpromisoa" hartu dutela. Diezek adierazi du Euskal Herrian sindikalismoa "bake agertoki baterako eta irtenbide politikoetarako" ekarpenak egin behar dituen eragile bat dela. "Guztiok dakigu zer esanahi duen gaurko argazkiak sindikalismoari eta politikari dagokionez. Bere horretan balio garrantzitsua du", azpimarratu du Diezek. Era berean, LABeko idazkariaren hitzetan gaurko bilera baliagarria izan daiteke "bi erakundeen arteko errespetuan lanean aritzeko". Horrela espero du, behintzat, Diezek.

Bestetik, Damaso Casado UGTko EAEko idazkari nagusiaren hitzetan "oso garrantzitsua da ofizialki bildu ahal izatea eta aurrerantzean ere horrela egiten jarraitu ahal izatea". Casadoren ustez, Euskal Herrian normalizazio sozial eta politikoa benetakoa izan dadin lagungarria izan daiteke bi sindikatuen artean harreman sozial eta politikoak normaltasunez burutzea. Casadok UGTren azken biltzarrean hartutako konpromisoa izan du hizpide eta ekimen horrek "oso emaitza onak" izan dituela adierazi du.

Era berean, langileen egoeraz ere aritu dira hizketan gaurko bileran. LABeko idazkari nagusiak azaldu duenez "egun, langileen egoera baldintzatzen duten elementuak" errepasatu dituzte eta sor daitezkeen gaien inguruan elkarrizketak bideratzeko konpromisoa hartu dute. UGTko EAEko idazkari nagusiak, bestalde, gaurkoa bezalako bilera gehiago egiteko asmoa agertu du "langileen lan baldintzak hobetzeko" asmoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.