UGTk soilik sinatu du etengabeko arretako lan ituna

Osasun arloko mahai sektorialetik alde egitearekin mehatxu egin dute SATSE, SME eta CCOO sindikatuek

Erredakzioa
2011ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Osakidetzak etengabeko arreta guneen (EAG) gatazkari konponbidea emateko proposamena aurkeztu zuen atzoko osasun arloko mahai sektorialean. UGTk soilik eman zion baiezkoa testuari, eta ELA, CCOO, SATSE, SME eta LAB sindikatuek ez zuten proposamena onartu. UGTk eta Osakidetzak kaleratutako oharretan, berriz, aditzera eman zuten Osakidetzaren eta sindikatuaren arteko akordioaren bidez gatazkari amaiera ematen zitzaiola. Horren harira, mahai sektorialeko gainerako sindikatuek gogor kritikatu dute Osakidetza, akordioa UGTrekin soilik lortu ostean, EAGen gaineko gatazka «faltsuki» ixten saiatzearren.

EAGen gaineko eztabaida orain urtebete hasi zen. Osakidetzak 2010eko ekainaren 19an hartutako neurriaren ondorioz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 48 osasun etxe itxi zituzten larunbat goizetan, eta trukean bederatzi EAG zabaldu zituzten. Ondorioz, osasun etxeetako lan eskerga gune horietara igaro zen, eta profesionalei arazoak sortu zizkienzerbitzuei egoki erantzun ahal izateko.

Arantza Agotek, UGT-Euskadiko Osasungintza sindikatuko ordezkariak, ohar bidez azaldu ditu akordioaren oinarriak. Osakidetzak, nagusiki, bi neurri hartuko ditu etorkizunera begira gatazka konpontzeko: batetik, langileria berrantolatuko du EAGek duten gehiegizko lan zama gutxitzeko, eta, bestetik, lanordu bakoitzagatik ordainsari handiagoa jasoko dute profesionalek. Gainera, Osakidetzak UGTren proposamena aintzat hartu duela esan du Agotek, hain zuzen ere, lortutako akordioa larrialdietako langile guztiei zabaltzea.

Osakidetzak adierazi duenez, neurri berri hauek 2,5 milioi euroko kostua izango dute. Hala ere, oraindik ikerketa sakonago baten beharra dagoela azpimarratu du.

Sindikatuak, haserre

Osakidetzaren proposamena, ordea, ez dute ontzat eman gainerako sindikatuek. LABen aburuz, «neurri berriek ez dute gatazkaren oinarria konpontzen; gainera, galdutako zerbitzuen kalitatea hobetzeko ez dira nahikoa, eta langileen artean ezberdintasun nabarmenak sortzen dituzte». Ondorioz, gogor salatu dute Osakidetzak akordioa konponbide gisa aurkeztu izana.

SATSE, SME eta CCOO sindikatuek ere ohar bidez jakinarazi dute ez daudela ados proposamenari eman zaion garrantziarekin. Ondorioz, Osakidetzari eskatu diote negoziazio kolektiboetan duen jarrera alda dezan, eta hala egin ezean osasun arloko mahai sektoriala utziko dutela mehatxu egin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.