Auzoak

Uhartean ez dago altxorrik

Zorrotzaurreko egitasmoa Bilbo eraberritzeko azken pauso modura aurkeztu zuten instituzioek; atzerapen askoren ostean, badirudi lanak datorren urtean hasiko direla, baina proiektuaren etorkizuna ez dago batere argi.

Zaha Hadid arkitektoak Zorrotzaurrerako prestaturiko egitasmoaren maketa.
gotzon hermosilla
2013ko azaroaren 3a
15:26
Entzun

Auzo batzuk lotarako lekuak baino ez dira: auzokideek beste nonbait egiten dute lan, aisialdiaz gozatzeko edo giza harremanak garatzeko beste toki batzuk aukeratzen dituzte, eta gaua baino ez dute ematen etxean. Beste auzo batzuk, berriz, leku biziak dira: hango kaleetan topatzen dute elkar auzokideek, nortasun eta izaera definitua izaten dute, eta esan daiteke auzoaren geografiak, auzoaren ezaugarri eta berezitasunek gauza asko kontatzen dutela han bizi direnen inguruan.

Baina nork erabakitzen du auzo batek nolakoa izan behar duen? Auzokide gehienek eginda topatzen dute auzoa han jaiotzen direnean edo bertan bizitzera joatea erabakitzen dutenean. Auzokideek badute zer esanik auzoaz? Erabaki ahal dute nolako auzoa nahi duten?

Zorrotzaurreko kasua (Bilbo) adibide polita izan daiteke auzoaren eta auzotarren arteko harremanaz gogoeta egiteko. Bizkaiko iragan industrialaren azken lorratzetako bat da Zorrotzaurre. Hutsik gelditutako lantegiek, ugerrak jandako pabiloiek eta etxebizitza zaharkituek osatzen dute hango paisaia. Baina aspaldikoa da Bilboko Udalaren asmoa ingurune hori guztia zaharberritzeko. Prozesuak atzerapen handia izan du, eta, azkenik, datorren urtean hasiko dira lanak.

Hadiden egitasmoa

Azken urteotan badirudi idatzi gabeko arau bat hartzen dutela kontuan hirigintza arduradunek: ezer baino lehen, nazioartean ospea lortu duen arkitekto bati ematea egitasmoa zirriborratzeko eginkizuna. Kasu honetan, Zaha Hadid (Bagdad, Irak, 1950) izan zen aukeratua. 2004an aurkeztu zuen Zorrotzaurreko Master Plana deritzona.

Geroztik, egitasmo horrek hainbat aldaketa izan ditu: batzuk, auzo elkarteekin izandako negoziazioen ondorioz; beste batzuk, plana plazaratu zenean inor gutxik aurreikusten zuen krisi egoerak behartuta. Baina ildo nagusiak mantendu egin dira: "hiri kontzeptuari eutsi" eta "iragana zaindu eta, auzo bizia sortzeko, berriarekin nahastu", Hadiden hitzak erabilita. Horretarako, etxebizitzak, berdeguneak, hiri parke teknologikoak, eskolak eta auzoaren ondarea uztartu nahi izan dituzte. Beste alde batetik, eta uholdeen arriskua gutxitzeko, Deustuko ubidea zabaldu egingo dute, 75 metroko zabalerara iristeko, eta, hortaz, Zorrotzaurre, penintsula izan beharrean, irla izango da. Hortik datorkio batzuek gune berriari eman dioten ezizena: Bilboko Manhattan.

Zorrotzaurreko plana ez da egitasmo bakana, Abandoibarrako eraldaketarekin hasitako hirigintza ildoaren azken urratsa baizik. Hala uste du, esaterako, Andeka Larreak. Filosofia irakaslea da Larrea, baina hirigintzari lotutako gaiak jorratu ditu gehienbat: horren adibide dira Garikoitz Gamarrarekin batera idatzitako Bilbao y su doble liburua edo Larreak berak koordinatutako Euskal Hiria lana.

Larreak dioenez, "desindustrializazioa eta gune industrialen balioaren galtzea ekarri dituzten aldaketetatik abiatuta, beste prozesu bat gertatu da Bilbon, hiriaren nortasuna aldatu nahi duena. Bilbon metropoli berri bat eraiki nahi izan dute, horren ardatzak kultura, berrikuntza, diseinua eta bizimodu kosmopolita izaki. Hiriaren marka indartsu eta erakargarria sortzea da helburua, erakargarria enpresentzat baina baita hiritarrentzat edo turistentzat ere".

Prozesu horren adibiderik behinena Abandoibarran izandako eraldatzea da, eta Zorrotzaurrekoa, Larrearen aburuz, "horren jarraipen naturala" da: "Gainera, Bilboko erdigunea hedatzeko aukera ematen du horrek, hau da, hiriko erdigunea, egun Zabalgunera eta itsasadarraren ibarrera mugatuta dagoena, Zorrotzaurrera hedatzea ahalbidetzen du plangintzak, eta hutsune handi hori hirigintza laborategi erraldoi baten moduan hartu".

Larrea oso kritikoa da «zaharberritzea» eta «birsortzea» hitzetik hortzera darabiltzan diskurtsoarekin. Dioenez, Zorrotzaurre "ahaztutako alderdia" izan da urte askoan, eta soilki negoziorako aukerak agertu direnean ekin zaio auzoaren "zaharberritzeari", betiere «etengabe suntsitzen eta eraikitzen dabilen» kapitalismoaren logika ezarrita eta bertako biztanleen interesak bazter utzita.

Auzokideen iritzia

Kanala auzo elkarteko kidea da Jesus Ureta. Zorrotzaurreren ondo-ondoan dauden Elorrieta, San Ignazio, Sarriko eta Ibarrekolanda auzoetako herritarrak biltzen ditu elkarte horrek. Uretak dioenez, Zorrotzaurrerako plana abian jarri zenean, administrazioak bide batzuk zabaldu zituen auzokideen parte hartzea bermatzeko, "ezin baita bestela izan".

Esan bezala, Zorrotzaurreko alderdi hori industriagunea izan da batez ere, lantegiek hartzen zuten leku gehiena, eta, horren ondorioz, oso biztanle gutxi ditu, bostehun inguru. Hasieran batean, auzoan bertan bizi diren auzokide horiek hartu zituzten aintzat herritarren parte hartzea bermatzeko, eta egitasmoa kudeatzen duen batzordearen ordezkariek haiekin hitz egin zuten, "baina ez zuten kontuan hartu horren inguruan beste auzo batzuk daudela, Deustua eta San Inazio batez ere, eta plangintzak eragin handia duela horietan", ohartarazi du Uretak.

"Adibidez", gaineratu du, «beheko errepidearen alderdi guztia San Inaziokoa da; han, hasiera batean, parke handi bat egin behar zuten, baina 2006an ikusi genuen hasierako asmoa aldatu zutela eta etxebizitzak eraiki nahi zituztela, batzuk 21 solairukoak. Beste aldetik, Zorrotzaurren sartu eta handik irteteko autobide gisa erabili nahi zuten San Inazio».

Zorrotzaurreko plana San Inaziorako «hondamendia» zela ikusita, azken auzo horretako biztanleak euren burua antolatzen hasi ziren 2008an, Kanala elkartea sortu zuten, eta planaren kontrako borrokari lotu zitzaizkion. Beste bide batzuk baztertu gabe, epaitegietakoa ere onetsi zuten, eta hainbat auzibide abiarazi zituzten. Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak aintzat hartu zituen auzokideen arrazoibideak eta proiektuaren zati batzuk baliogabetu zituen. "Lehenengo aldiz, hirigintza plan bat atzera bota zuten Lurzoru eta Hirigintzaren Legeak herritarren parte hartzeaz zehazten duena ez betetzeagatik", azaldu du Uretak, "eta bitxia da, legea bete ez zuena Julia Madrazo zinegotzia izan baitzen, eta legearen egilea, berriz, haren neba Javier Madrazo".

Horrek Udalaren planak hankaz gora bota zituen eta, Uretak dioenez, Udalaren jarrera aldaketa ere ekarri zuen. "Haiek kaleko protestaldietara ohituta daude, baina ez auzibideetara. Bide hori erabiliko genuenik ez zuten espero. Bolada batez, gu izan ginen Udalaren etsai nagusiak. Udalak behintzat halakotzat jotzen gintuen, baina azkenean konturatu ziren ezin dituztela herritarrak etsaitzat jo".

Dena dela, Udalaren jarrera aldaketa horretan, herritarren parte hartzearen inguruko uste sendoek baino garrantzi handiagoa izan zuen kalkulu ekonomiko hutsak, Uretak azaldutakoaren arabera: "Auzibideetatik joz gero, galtzekotan askoz garestiagoa aterako zitzaiela ikusi zuten, eta negoziazio eta akordioaren bidea onetsi zuten. Azkuna alkateak adierazpen batzuk egin zituen, esanez kasu honetan hobe zela akordio txar bat auzi ona baino".

Azkenean, akordio batera iritsi ziren, eta hainbat aldaketa sartu zituzten hasierako egitasmoan: parke bat egiteko ideia berreskuratu zen, gune berde gehiago egingo dituzte, etxebizitza kopurua jaitsi da, eta San Inaziotik igaro beharreko trafikoa ere gutxitu da. Uretaren ustez, "Zorrotzaurreko adibideak erakusten du herritarren parte hartzea ahalbidetu behar dela plangintzaren diseinuari ekin baino lehen. Diseinua herritarrekin egiten da, edo arazo bat dago herritarrekin, hemen gertatu zen bezala".

Atzerapenak

Zorrotzaurreko egitasmoak beste oztopo garrantzitsu bat aurkitu du bidean: krisi ekonomikoa. Abagunea ez da egokiena horrelako proiektu erraldoiak abian jartzeko, eta azken urteetan behin eta berriro atzeratu dira lanei ekiteko epeak. Adibide bat: 2007an, BBK-ko presidente Xabier Iralak iragarri zuen aurrezki kutxak bere egoitza nagusia Bilboko Kale Nagusitik Zorrotzaurrera eramango zuela 2013an. Urtea amaitzen ari da, eta egoitza berriaren arrastorik ez dago. Joan den igandean, Deia egunkariak argitaratu zuen Zaha Hadid arkitektoak prest duela BBKren egoitza berriaren diseinua, eta 105 metroko eta 22 solairuko dorre bat izango dela, baina informazio berean zehazten zen egitasmoa, "ahaztuta" ez dagoen arren, «kaxoi batean» gordeta dagoela eta oraingoz ez dagoela horri ekiten hasteko egunik.

"Hirigintza egitasmoa abagune ekonomikoaren eta finantzazioaren pentzuan dago", gogorarazi du Larreak. "Orain, lehenengo fasean dago: Zorrotzaurre irla bilakatzeko lana, lehenengo zubia egitea eta penintsularen sarreran egin nahi dituzten etxebizitzak. Baina hortik aurrera zer gertatuko den ikusteko dago. Azken finean, apustu bat da. Izaera berri horri lotutako auzunea sortzea erabakitzen bada, erabaki hori apustu ekonomiko bat da, Bilbao Ria 2000 elkartea apustu bat zen moduan; eta ez dakit apustu hori irabazi ala galdu egin zuten, baina begien bistakoa da sekulako zorra utzi duela eta bilbotarroi ez zaigula musu truk atera".

Izan ere, egitasmoaren oinarrietako bi etxebizitzak eraiki eta saltzea —5.400 inguru, Master Planaren arabera— eta enpresa berriak erakarriko zituen parke teknologikoa eraikitzea ziren: "Baina zer gertatzen da etxebizitzak saltzen ez badira, edo hara joan nahi duen enpresarik ez badago?", galdetu du Larreak. "Abagune ekonomikoak laguntzen ez badu, proiektuak ez du funtzionatzen. Horregatik epeak eta erritmoak mantsotu dira, eta egin ahala joango dira aldaketak sartzen eta proiektua doitzen. Baina dirua sartzen ez bada, gauzak asko oker daitezke".

Uretak ere pentsatzen du krisiak eragin handia izan dezakeela egitasmoaren garapenean, eta uste du krisi ekonomikoa beste hiruzpalau urtez luzatzen bada eta etxebizitzen merkatua bizkortzen ez bada zailtasun handiak egon daitezkeela eraiki nahi dituzten etxe guztiak saltzeko. Horrek egitasmo osoa zalantzan jar dezake eta, Uretak dioenez, agerian utz lezake "beste eredu batera joateko beharra".

Baina, Uretaren aburuz, krisi ekonomikoak planteamendu guztiaren gabeziak azaleratu ditu: "Ezin da hemendik 30 urterako plangintza bat egin. Ezin da aparkalekuen margoen kolorea ere zehazten duen plana egin, alde batetik, 30 urtean abagunea asko alda daitekeelako, eta, beste aldetik, hurrengo belaunaldiei ere erabakiak hartzeko eta beste modu batera hazteko aukera utzi behar zaielako. Ezin da dena erabat itxita utzi. Bilboko Udalak inoiz esan dute Zorrotzaurreko planarekin etorkizuneko hiria diseinatuta uzten zutela, baina etorkizuna hurrengo belaunaldiena ere bada, eta aukera utzi behar zaie gauzak beste era batera egiteko, hala nahi badute".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.