Foruzaingoak Burlatako 20 urteko gizonezko bat atxilotu du Uharten, Nafarroan, askatasun sexualaren aurkako delitu bat egitea egotzita.
Ekain hasieran gertatu zen erasoa; emakumezko batek salatu zuen ezagutzen ez zuen gizon bat gainera etorri zitzaiola autobusetik irtetean. Andrea etxeko atarira sartzear zegoela eraso zion gizonak, ukituak eginez. Emakumeak askatzea eta ihes egitea lortu zuen. Foruzaingoak indarkeria matxistaren biktimak artatzeko protokoloa jarri zuen martxan.
Poliziak ikerketa bat abiatu zuen erasotzailea identifikatzeko, eta azken orduetan hartu dute atxilo gizonezko bat, erasoaren egilea delakoan. Agoizko Instrukzio Epaitegiaren esku utzi dute kasua.