Atzo Gasteizen eta inguruko zenbait herritan izan ziren uholdeen ondoren, egoerak hobera egin duela agertu du Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak: ibaien emariak behera egin duela, eta, beraz, gainez egiteko arriskua arindu dela. Halaber, atzo arratseko uholdeek eragindako oztopo eta kalteak konpontzen doaz piskanaka. Esaterako, N-104 errepidea -Iruñea aldera doana- berriro ireki dute gaur goizean, ura atera eta potzuak garbitu eta gero.
Hala ere, gaur oraindik ere tarteka euri zaparrada handiak bota ditzakeela eta, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan alerta egoerari eustea erabaki duHerrizaingo Sailak. Ildo horretatik, Krisietarako Mahaiak bilduta jarraitzen du. Herrizaingo Saileko eta beste erakunde batzuetako ordezkariek osatzen dute mahai hori, eta behar izanez gero larrialdi plana abian jartzea eta aurrera eramatea da haien egitekoa. Nafarroan ere hodeitsu edo oso hodeitsu egongo dira zeruak, eta euria gogor bota dezake zenbait tokitan, ekaitzarekin batera, Nafarroako Gobernuak herrialderako eginiko iragarpenaren arabera. Hala ere, ez dute alertarik ezarri.
Gasteiz hegoaldean larritasun uneak atzo
Gasteiz hegoaldean, hiriburutik kilometro gutxira dauden Uribarri Nagusia, Mendiola, Monasterioguren eta Puente Alton uholdeak izan zituzten atzo. Gasteizko suhiltzaileek hiru lagun erreskatatu behar izan zituzten Puente Alton, eta Monasteriogureneko baserri batean atera ezinik zegoen beste lagun bat erreskatatzekotan ziren iluntzean. Zodiac ontzietan aritu ziren suhiltzaileak herriotan erreskate lanetan arratsaldean. Izan ere, azken euri jasen ondorioz, Gasteizko mendien urak jasotzen dituzten Errekaleor eta Santo Tomas errekek gainezka egin zuten, eta urek hartu zuten Gasteiztik hegoalderako eremua. N-104 errepidea moztuta egon zen. Gasteizko alkate Patxi Lazkoz kaltetutako udalerriak bisitatzen izan zen, alkateordeak eta Herritarren Babeserako zinegotziak lagunduta.
Gasteizko Udaleko iturriek iluntzean ziotenez, okerrena dagoeneko pasatu da, gauean zehar euririk ez egitekotan bederen. Euskalmetek gaurko eginiko iragarpenaren arabera, giro hodeitsuak jarraituko du. Hainbat tokitan zaparradak botako dituela, eta zenbait lekutan «mardulak eta trumoitsuak» izan daitezkeela ohartarazi du ere. Hartarako arriskua handiagoa izango da egunaren lehen zatian.
Eguraldia
Uholde arriskuagatik alertan jarraitzen dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan
Gasteizen eta inguruetan uholdeak izan ziren atzo arratsean, euri zaparrada handien ondorioz. Egoerak hobera egin duela dio Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak, baina gaur ere zaparrada handiak bota ditzakeela-eta alertari eusten diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu