Sakelako telefonoa hartu eta leihotik atera oinutsik. Igandeko ordu txikietan etxea arrapaladan utzi behar izan zuen Jose Ramon Abaroak. Eta Patricia Ruizek, eta Monica Carok, eta Marijo Fernandezek. Laurak ere Getxoko (Bizkaia) Fadura auzoan bizi dira, eta ezin asteburuan jasandako uholdeaz ahaztu. Etxeetan jasandako kalteak baino gehiago, Udalaren jokabidearekin daude kezkatuta. Oso kezkatuta, eta oso haserre. Gobelas ibaia aspaldion «utzita» dagoelako, inork uholdearen berri eman ez zielako, eta «abandonatuta» sentitu direlako.
Abaroa auzokideek esnarazi zuten. «Etxean nengoen lotan, eta goizaldeko seietan atean joka hasi ziren». Larunbat arratsaldetik euria ari zuen Getxon. Gauean, baina, euria zaparrada bihurtu zen bat-batean. Gobelas gora zihoala joan zen Abaroa ohera. Ezin pentsatu etxe ondoko ibaia ibilgutik aterako zela ordu gutxiren buruan. «Gauerdian hemen ibili ziren Udaleko teknikariak, kaleko hoditeria ikuskatzen». Azaldu du teknikariak ez zeudela lar arduratuta, eta etxera alde egin zutela lasai-lasai. Abaroak eta auzokideak ere uholde arriskurik ez zegoela pentsatu zuten, beraz.
Baina usteak erdi ustel. Auzoko kiroldegia oraindik urez gainezka zegoen atzo arratsaldean. Inguruko tabernak eta saltokiak beste horrenbeste. Eta ikastetxeak, lokatzez beteta segitzen zuten atzo. Ehunka ume eskolara joan barik. Eguraldiak, dena den, hobera egin du, eta igande goizaldekoa bezalakorik ez errepikatzeko neurriak eskatu ditu Abaroak.
Horren hitzetan, Udaleko inor ez zen geratu inguruak zaintzen. «Gezurra da udaltzainek auzokideak abisatzen jardun zutela. Inor ez zen etorri goizera arte». Ordurako, auzokide guztiak etxeetatik kanpo zeudela jakinarazi du. «Nik zortea eduki nuen, eta kotxea atera ahal izan nuen garajetik. Nire ostean saiatu ziren guztiek, ordea, bertan utzi behar izan zuten kotxea». Garajeak ez ezik, etxe asko eta asko urez bete zirela, eta herritarrek inolako laguntzarik izan ez zutela kritikatu du.
KALTE HANDIAK. «Erabat abandonatuta» sentitu da. Abaroa legez, Ruiz. «Igande goizaldean inor ez zen hemendik agertu. Ez ibaiak laster gainez egingo zuela esateko, ez laguntzeko, ez ezertarako. Uholdea gertatu, eta orduantxe bai, agertu zen udaltzain bat. Bat bakarra. Igande goizean. Psikologoarena egiten ibili zen. Ez kezkatzeko esaten zigun behin eta berriz». Ruizek, ordea, bi kotxe galdu ditu. «Garajean zegoen bata, eta ezin izan genuen handik atera. Bestea, errepide bazterrean zegoen, eta urak motorean hondatu du. Dirutza galdu dugu bat-batean».
Aseguru etxeak zer edo zer pagatu dien ez daki Ruizek. Diru kalteak baino okerrago igande goizaldean bizitakoa dela ohartarazi du, dena den. «Leihotik atera behar izan ginen hirurok. Senarra, bi urteko semea eta ni neu. Etxeko giltzak eta sakelako telefonoa hartu, eta auzokide batek utzitako esku-eskailera batetik jaitsi behar izan genuen kalera». Uholdeaz ohartu zirenerako, ura ia-ia leihoaren pare zegoela, eta zapatak jantzi ere ezin izan zutela jakinarazi du. «Nire gurasoen etxera joan behar izan genuen, oinez». Une hartan, suhiltzaileen motordun txalupa txiki bat besterik ez zebilen inguruan. Etxeko leihoetatik ateratzen ari zen jendea laguntzen zebiltzan, baina bizpahiru herritar baino ezin zitzaketen hartu.
Beste guztiek, beren kabuz moldatu behar izan zuten. Beldurtuta alde egin zuten Ruizek eta senideek Fadurako Makalen Etorbidetik. Gobela erreka ondoko etxeetatik. «Gogoratzen naizela, Gobela ibaia ibilgutik ateratzen den laugarren aldia da hau. Lehenago, Romo ibaiak egin ohi zuen gainezka. Orain, aldiz, Gobelak. Eta badirudi uholdeak saihesteko neurrik ez duela martxan jarri Udalak». Gogor kritikatu du Administrazioaren lana: «Eskerrak auzokideek abisatu gaituzten».
Getxon ez ezik, Bizkaiko herri askotan uholdeak gertatu ziren asteburuan. Baina, zalantza barik, Getxoko Fadura, Aldapas eta Neguri Langile inguruetan eragin zuen euriak zurrunbilorik handiena. Ruiz bezala, nahitaez etxeko leihotik atera behar izan zuen Carok. Elkano kalean bizi da eta, esnatu zenerako, saloiko telebista uretan flotatzen ari zen. «Izugarria». Laguntza falta salatu du, eta Caroren hitzak berretsi ditu Fernandezek. «Inor ez zen etorri. Ez udaltzainik, ez suhiltzailerik». Lagun batzuen etxera joango da lotara etxea konpondu arte.
Beste herritar askok, ordea, hoteletara jo behar izan dute. Artaza hotelera, besteak beste. Makalen Etorbidean bertan dago, eta auzoko jendea hartu eta hartu ari direla azaldu du hoteleko harrerako langile Itziar Morasek. «Hoteleko beheko solairuak oraindik ere lokatzez beteta daude, baina ura ez da logeletara sartu, eta aste honetan behintzat guztiak beteta egongo direla dirudi».
UHOLDEAK. BIHARAMUNA. Abisurik ezean, leihoa ihesbide
Uholdeak gogor astindu du Getxoko Fadura auzoa, eta herritarrek salatu dute inolako laguntzarik ez dutela izan eta Gobelas ibaia bere bidetik ez ateratzeko neurriak falta direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu