Iragan larunbatean ia egun osoan eta igande goizaldean botatako euriteek uholdeak eragin zituzten Euskal Herriko hainbat udalerritan, Bizkaian bereziki. Ibaiek azken 20 urteotako emaririk handiena jasan zuten, eta zenbait puntutan gainezka egin zuten. Kaleetan pilatutako ur emariek kalte handiak eragin zituzten Bilbo eskuinaldeko eta Kadaguako herrietan, Getxo, Erandio edo Alonsotegin, esaterako. Gipuzkoan, Goierriko herrietan -Ordizian eta Beasainen, adibidez- jasan zituzten, batez ere, ondorioak. Eta Nafarroan, Ebro eta Arga ibaiei so pasa dituzte egunok, Castejonen bereziki, gainezka egingo zuten beldur.
Getxoko Udaltzaingoaren autoek megafonia bidez alertaren berri emateko sistema ez zela nahikoa izan onartu zuen alkateak atzo, etameteorologia informazio ezari leporatu zion akatsen ardura. Uholdeak denbora espazio txikian eta aldi berean fronte askotan sortu zirela esan zuen alkateak. «Horregatik, erantzuteko eta jarduteko gaitasuna txikia izan zen eta, gainera, uraldia baino lehen, ez zen alarma faltsua sortu nahi izan, gerora, zoritxarrez, errealitatea izan zena». Bizilagunen kritikak oso aintzat hartuko dituela esan zuen.
Udalerrian martxan jarri zuten larrialdi planak bizilagunen segurtasuna bermatzea izan zuela helburu azaldu zuen Landak. 70 lagun atera behar izan zituzten etxeetatik. Atzo, 200 batek oraindik argindarrik gabe jarraitzen zuten. Kalteak handiak direla, baina oraindik ez dituztela zenbatu gaineratu zuen alkateak. Atzo, garbiketa lanak aurreratuta zeudela eta egoera dagoeneko «nahiko normalizatua» zegoela esan zuen ere.
ABISUA, OSTIRALETIK. Euskalmet-eko zuzendariak erakundeen kritikei erantzun zien atzo. «Abisu eman genuen eta, gainera, ostiraletik, goizean eta egunean zehar. Zalantzarik gabe Euskalmet-ek bete zuen bere rola, bota zuen bota behar zuen informazioa, eta zegozkion ekintzak ongi burutu ditu». Larrialdietako protokoloan Euskalmet-en zeregina informazio meteorologikoa ematea dela, uholdeetarakoa eman zutela eta gainera, eginiko iragarpena bete egin zela ziurtatu zuen Moraisek.
Meteorologia ez dela zientzia zehatza eta zehazki euria non botako duen ezin dela iragarri azaldu zuen Euskalmet-ekoak. Larrialdi Protokoloaren arabera, arriskuaren langa metro koadroko 60 litrotan dago eta, hortik aurrera, protokoloa jartzen da martxan. «Badakigu 60 litrotik gora arazoak ditugula, zenbait lekutan uholdeak daudela. Beraz, hortik aurrera jada ez da Euskalmeten lana larrialdi ekintzetan laguntzea, baizik eta meteorologia informazioa hortik aurrera ematea jarraian, eta hori egin zen».
Zein neurri hartuko dituzten azalduko dute gaur Jaurlaritzak eta Aldundiak
Uholdeek sortutako arazoei aurre egiteko «beharrezko» erabakiak gaur hartuko ditu Eusko Jaurlaritzak, Gonzalo Saenz de Samaniego Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuak atzo iragarri zuenez. Jaurlaritzaren Gobernu Kontseilua gaur bilduko da, eta bertan erabakiko dituzte neurriak. Sailburuaren hitzetan, uholdeen kalteen azterketa egiten aritu da Jaurlaritza. Azterketa hori Gobernu Kontseiluan «mintzagai eta kontutan hartua» izango dela gehitu zuen sailburuak, baina ez zuen Jaurlaritzak har ditzakeen neurri horiek zein izan daitezkeen aurreratu.Bizkaiko Foru Aldundiak ere gau iragarriko du zein neurri hartuko dituen uholdeen kalteei aurre egiteko, Aldundiaren Gobernu Kontseiluaren bileraren ondotik. Gainerako administrazioekin koordinazioan hartuko ditu neurri «ez ohikoak». Aldundia kaltetutako udalerrietako alkateekin harremanetan jarri da, kalteen balorazio ekonomikoa egite aldera. Hainbat errepide kaltetuta daude ere.
ZenBaKIa
35
Zadorrako urtegiak: Uribarriko urtegitik segundoko 35 metro kubo ur ateratzen ari ziren atzo, eta Urrunagakotik, 30 metro kubo ur segundoko. Bietan uhateak ireki zituzten herenegun, ura askatzeko.eURIA
Larunbatean eta igande goizaldean euriak metro koadroko 100 litroak gainditu zituen hainbat puntutan. Euskalmet-ek 60 litrotan du arriskuaren langa:Mungia. 139 litro / metro koadroko.
Laudio. 130 litro / metro koadroko.
Deustua. 139 litro / metro koadroko.
Getxo. 127 litro / metro koadroko.
Tafalla. 41,1 litro / metro koadroko.
Iruñea. 56,7 litro / metro koadroko.