Euria gogotik bota zuen atzo, eta Bizkaiko zenbait tokitan gainezka egin zuten ibaiek. Muxika izan da herririk kaltetuena. Oka eta Elizalde ibaiek gainezka egin zuten eta ura hainbat etxe, jatetxe eta lantegitan sartu zen. Ez zen ezbeharrik jaso, baina, kalte materialak handiak izan dira.
Egun osoan zehar euria asko egin zuen, baina, arratsaldeko zapiak aldera botatatko euri jasak ekarri zuen ibaiek gainezka egitea. Aitor Goldaraz Muxikako alkateak kexu zen ez zutelako inolako abisurik jaso. Euskalmetetik adierazi dutenez, ezinezkoa izan zen ur-erauntsia aurreikustea.
Ordubetean 26 litro bota zituen metro koadroko, eta horrek ibaia atera zuen. Egoerak hoberantz egin zuen eta gauerdirako ur maila jaisten hasi zen. BI-635 errepidean, ur putzu handiak sortu ziren, eta ibilgailuen zirkulazioan aldaketak egin behar izan zituzten. Zenbait auto ur azpian geratu ziren eta suhiltzaileen laguntza behar izan zuten hainbat pertsonak, autoetatik ateratzeko.
Gaur goizeko lehen ordurako, ibaiak bere onera itzuli dira, eta urak utzitako arrastoa agerian geratu da. Auzotarrak goizeko lehen ordutik aritu dira etxeetara sartutako ura eta lokatza ateratzen.
Garbiketa lanak luze joko dutela diote Etxeko jatetxeko jabeek. Etxetresna, altzairu eta janari guztia bota beharko dutela uste dute. Aseguruko peritoaren zain daude @berriapic.twitter.com/2cu7QRDSYG
— Asier Arrate (@AsierArrate) 2018(e)ko urtarrilak 12
Suhiltzaileen laguntza ere behar izan dute lur azpiko aparkalekutatik ura ateratzeko. Ahal dutena garbituta, orain bizilagunak aseguru etxeetako perituen zain daude.
Bizilagunek azaldu dutenez orain ahal den guztia garbitu eta aseguru etxeetako langileei itxarotea tokatzen zaie @berriapic.twitter.com/xrMPbZxqKW
— Asier Arrate (@AsierArrate) 2018(e)ko urtarrilak 12