Azken egunetako euri jasek ondorio nabarmena utzi dute hainbat lekutan. Gipuzkoan, Oiartzun ibaiak gainez egin du izen bereko herrian, Altzibar auzoan, eta zenbait etxape eta loja harrapatu ditu. Antzeratsu dabiltza Hernanin, Urumea bidetik atera baita Ereñotzu auzoan eta futbol-zelaiaren parean. Gainera, datozen orduetarako iragarpenak ez dira batere onak ez leku batean, ez bestean. Izan ere, metereologoen arabera, euria egiten jarraituko du bihar arte, eta, ondorioz, ur emaria handitu egin daiteke. Gainera, segurtasun neurrietara iritsi den Añarbeko urtegiko albateak irekitzean areagotu egingo da Urumearen emaria. Hori guztia dela eta, eskura dituzten babes neurri guztiak hartzeko dei egin diete herritarrei Oiartzungo zein Hernaniko udalek. Besteak beste, ibai ertzeetatik autoak kentzeko eta inguru horietan ahalik eta gutxien ibiltzeko galdegin diete.
Bidasoa ere oso hazita doa, eta, ondorioz, Irungo Udalak ere neurriak hartzeko eskatu du, eta Udaltzaingoa eta Babes Zibila alertan daudela jakinarazi du.
Lapurdin Urdazuri eta Errobi ibaiek sortu dute kezka. Urdazuri oso hazita datorrela agertu du Azkaineko auzapezak, segurtasun mugatik 8 zentimetrora, eta uholde arriskuaz ohartarazi du. Joan den maiatzaren hasieran gainez egin zuen Urdazurik eta uholde handiak izan zituzten Azkaine, Senpere eta Sara inguruan. Orduko kalteak oraindik guztiz konpontzeke daude. Errobik ere sortu du beldurrik: segurtasun mugatik zentimetro eskasetara dabil Kanbo inguruan, eta gaur goizean gainez egin du adar txiki batek. Ondorioz, errepidea moztu behar izan dute. Dena den, azken orduetan Lapurdin egoerak hobera egin duela ematen du. Pirinio Atlantikoetako Departamenduak ezarrita, ekaitzagatik alerta egoeran dira Ipar Euskal Herri osoan, eta badaezpadako neurriak hartu dituzte.
Nafarroan ere alerta Naranjan dira, Baztan, Bidasoa eta Malerreka inguruetan. Hala, Donezteben, Igantzin, Etxalarren eta Beran gainez egin du ibaiak zenbait paretan, baina etxeetara iritsi eta bestelako azpiegituretara iritsi gabe. Hala ere, uholde handiagoak gertatzen arriskua dago oraindik. N-121-A errepidean, batik bat, Igantzi eta Etxalar artean arreta bereziz ibiltzeko deia egin du Nafarroako Gobernuak.
Ekaitza
Uholdeen kezka Lapurdin, Gipuzkoan eta Nafarroa iparraldean
Lapurdin, oso hazita doaz Urdazuri eta Errobi. Nafarroan Baztan-Bidasoa ere bai. Gipuzkoan, Oiartzunek eta Urumeak gainez egin dute zenbait paretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu