Euria gogotik egingo duela iragarri dute bihar-etziko. Alerta horia ezarri dute gaurko, euriagatik eta elurragatik; isurialde atlantikoan espero dute euri gehien, eta elurra, berriz, 500 metrotik gora. Baliteke kazkabarra ere egitea.
Egoerak bihar-etzi okerrera egingo duela espero dute. Euri gehiago izango da, eta alerta laranja ezarri dute. Tenperatura zerbait igoko da, eta elurrak gorago joko du; 700 metrotik gora botako du. Larunbatean ere, giro bustia.
Aurreko egunetan ere euria mardul egin du, eta oso hazita doaz ibai asko. Lea ibaiak, adibidez, gainezka egin du ohiko lekuetan, Berriatuan eta Amoroton (Bizkaia). Eusko Jaurlaritzak martxan jarri du uholdeetarako larrialdi plana. Donostiako Udalak ere Urumea zaintzeko plana abiarazi du. Bizkaian, Bilbon eta Getxon izan daiteke gorabehera gehien; Bilbon, ibaiaren eragina jasan dezaketen auzoetara zakuak eramaten hasi dira, badaezpada.
Errepideak
Arazoak ugaritzen ari dira errepideetan. Goizean istripu ugari izan dira batean eta bestean. Tolosan (Gipuzkoa), adibidez, kamioi bat irauli egin da, eta auto ilara luzeak sortu dira.
Elurrari dagokionez, Araban dago arazo gehien. Opakua eta Azazeta mendateak itxita zeuden eguerdirako.