Ukitu gabeko lurretan barna

AHTk Durangaldean (Bizkaia) ondorio «larriak» izango dituela azaldu dute kaltetuek. Mendeetan ukitu gabeko bazterrak inarrosiko ditu azpiegitura berriak. Lanak martxoan has daitezkeela esan du Jaurlaritzak.

ASIER ITURRIAGAETXEBARRIA DURANGO
2008ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Bizkaiko paradisu txikia». Horrela ikusten dute askok Durangaldea, Alberto Errazti Durangoko Alpino mendi taldeko mendizaleak azaldu duenez. Haitzezko mendilerroa, ibar berde zabalak, Ibaizabal erreka... Kalifikazio hori izateko arrazoi faltarik ez du Durangaldeak. Baina laster Abiadura Handiko Trena (AHT) helduko da inguru horretara, eta egun paradisu txikia dena «infernu» bilakatuko da. Hala uste dute garraio azpiegitura berriak kalte egingo dien herritarrek.

AHTren eragina inon baino hobeto igarriko da Durangaldean. Hogei kilometro luzeko bidea egingo du. Zornotzatik etorriko da, eta honako bide hau egingo du: Montorra, San Antonio, Euba eta Berna auzoak (Zornotza); Orozketa, San Andres eta Larrinagatxu auzoak (Iurreta); Durango, Izurtza, Abadiño, Atxondo eta Elorrio. Tartean, hainbat tunel eta zubi luze. «Begi inpaktua izugarria izango da, baina ikusten ez diren beste eragin kaltegarri asko ere izango ditu», ohartarazi du Erraztik.

Garraio azpiegituraren eragina ondo baino hobeto nabarituko dute Elorrioko Iguria baserri auzoan. Kanpazar mendatearen azpian dago, Arrasaterako (Gipuzkoa) bidean. Igurian trenbidea erdibitu egingo da: zati bat Arrasatera joango da, Gasteizerako bidean; beste bat Angiozarrera (Bergara, Gipuzkoa) joango da, Donostiarako bidean. Dena den, behin betiko proiektua finkatu gabe dago oraindik. Bizkaiko zatia denez, Espainiako Sustapen Ministerioari dagozkio trenbidea egiteko lanak. Durangaldean AHTren aurka dagoen oposizio zabalak Administrazioari gauzak birritan pentsarazi diola uste dute kaltetuek.

Bitan banatu ahal izateko, eta tunelean sartu aurretik, biadukto edo zubibidea egingo dute Igurian. Olakua baserria biadukto baten azpian geratuko da. Juan Pedro Gallastegi Olakua baserrian bizi da. Bertan bizi da, eta bertan egiten du lan. 90 ganadu buru ditu. Trenbidearekin bere baserriarekin eta lanpostuarekin zer gertatuko den ez dakiela azaldu du. «Inork ezer esaten ez digula da txarrena. Ez dakigu ezer. Ez dakit traktore bat edo behi bat erosi behar behar dudan».

«Ernegatuta» dagoela aitortu du Gallastegik. Hara eta hona ibili da informazio bila, baina inork ez dio ezer argitu. Gainera, jakin badaki ez duela probetxu handirik aterako lurrengatik Administrazioak ematen duen diruarekin. «Lau txakur txiki ematen dituzte. Eta nik anaia bat eta ama dauzkat nire kargura». Etorkizunak ekarriko dionarekin ez da fidatzen. Bizi osoa eman du baserrian lanean, eta baliteke hemendik lasterrera lanpostu hori utzi behar izatea.



BASERRIKO LANA BALDINTZATUA. Antzera dago Jose Antonio Zamalloa. Zornotzako Montorra auzoko baserri batean bizi da. Trenbidea ez zaio baserri ondo-ondotik pasako, baina bere sagastia erdi-erditik zeharkatuko du. «Ez da hori bakarrik. Mugitutako lurrak batzeko gunea ere egingo dute, eta egun dauden bide batzuk moztu egingo dituzte. Gainera, kamioiak gure auzotik gora eta behera ibiliko dira etengabe, obrak irauten duten bitartean».

Orain arteko lanean jarraitzeko aukera izango du. «Baina beste era batera egin beharko dut lan». Azaldu duenez, egun sagastiaren barruan ibiltzeko erabiltzen dituen bideak itxi egingo dizkiote, eta horrek buelta handiagoak ematera behartuko du, kostu handiagoak eraginez. «Aurretik ere antzeko zerbait geratu zen Montorran. Aitak esaten zidan A-8 autobidea egin zutenean hainbat bide txiki itxi zituztela, auzo guztiaren kalterako». Zamalloak argi dauka Administrazioak emango dituen kalte-ordainak ez direla nahikoak izango. «Azken baten, gure bizitzeko moduari eraso bat egingo diote. Baserritik bizi garenoi ez digute inoiz diru eskaintza onik egingo».

Antzeko iritzia dauka Unzalu Salterain EHNE nekazarien elkarteko kideak. «Dirua ez da inondik inora konpentsazioa izango». Bera ere kaltetu zuzena da, AHTko ibilbidea Abadiñoko Mendiola auzoaren erdi-erditik pasako delako, familiaren baserritik hurbil. Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak Euskal Y-aren informazioa zabaltzeko jarri duen web orrian azaltzen denez, «Abadiñon izango duen eragina ez da edozein garraio azpiegiturak sortuko lukeena baino handiagoa izango». Gaineratzen duenez, «AHTk ez dio kalte handirik eragingo ingurumenari».

Salterain ez da iritzi berekoa. Azaldu duenez, Mendiolan kilometro bat baino gehiagoko zubia egingo dute, eta horrek, besteak beste, Mendilibar baserria botatzea ekarriko du. «Mendiolako beheko aldeko lurrik onenak hondatuko dituzte. Horrelako obrak egiten direnean, inguru guztiko lurrak hondatzen dituzte».

Bere auzoan, Mendiolan, AHTk eragingo duen kalteaz gainera, orokorrean garraio azpiegitura berriak izango dituen ondorioez mintzatu da, batez ere nekazaritza ikuspegia kontuan izanda: «Kostu sozial orokor handi bat izango du. Baserriak eta lanpostuak desagertuko dira. Eta hori guztia informazio falta ikaragarriarekin egiten dute. Eskandalagarria eta lotsagarria da hori».

Nekazaritza eremuetan bakarrik ez du kaltea eragingo AHTk. David Cobos (ANV) Atxondoko alkatea da, eta azaldu duenez, garraio azpiegitura berriak herrian eragingo duen kaltea «oso larria da». «Ingurumen aldetik eragina izango du, auzoetan, baserrietan, ustiakuntzak erdibituko ditu...». Zertan oinarritu badu, orain bost urte ingeniari talde batek AHTk Atxondon izango duen eragina aztertu zuelako, Udalak eskatuta-herritarren presioarengatik- .



HIRIGINTZAN «ESKUAK LOTUTA». Hori baino «larriagoa» iruditzen zaio Cobosi hirigintza arloko eragina. Trenbidea Apatamonasterio herrigunetik 200-300 metro eskasera pasatzen da, igerilekuen gainetik joango den zubitik. Herrigunetik horren hurbil egonda, kutsadura akustikoa handia izango dela ohartarazi du. «80 dezibel baino gehiagoko zarata izango da, trena pasatzean. Enpresetan, dezibel kopuru hori baino gehiago jasaten duten lanpostuetan, soldata osagarria ematen diete langileei».

Hirigintza aldetik «eskuak lotuta» dauzkatela azaldu du Cobosek. Apatamonasterioko alde batek errepide nagusiaren muga dauka hazteko. Beste aldean, AHTren zubi handia izango da. «Gaur egun, trenbidea egingo duten aldea da hazteko daukagun eremu bakarra, eta hori ere kendu egingo digute».

Hori guztia gutxi balitz legez, Atxondok daukan ondare nagusietako bat kenduko dio trenbide berriak. «Anbotoko bista galduko dugu», salatu du Cobosek. Izan ere, trenbidea Anbotoko mendizerraren eta Ibaizabalen artean joango da, lerro paraleloa eginez. «Begi inpaktua itzela izango da», errepikatzen du Erraztik. Baina hori baino gehiago kezkatzen dute ikusten ez diren ondorioek.

Durangoko mendizaleak gogora ekarri du A-8 autobidea egin zenean gertatutakoa. «Lan hori egiteko, lur asko mugitu behar izan ziren. Zaldibarren, esaterako, betiko iturri bat desagertu egin zen; handik ez zen ur gehiago inoiz atera». AHTren ibilbidearen zati handi bat lurpetik joango dela arrazoitzen du Jaurlaritzak, ingurumena errespetatzen duela argudiatzeko. Errazti ez dago ados. «Tunel handi horiek egiteko, lur asko mugitu behar dira. Eta inork ez daki zer gertatuko den gero. Mendeetan ukitu gabe egon diren lurrak dira». Laster, mendeetan ukitu gabeko lur horiek, mugitzen has daitezke.



«Gure bizimoduari erasoko diote . Baserritik bizi garenoi ez digute inoizdiru eskaintza onik egingo»

jose antonio zamalloa
zornotza montorra auzoko baserritarra
«Lurrik onenak hondatuko dituzte Mendiolan. Halako obretan, inguru guztiko lurrak hondatzen dituzte»

unzalu salterain
ehne sindikatuko kidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.