Indarkeria matxista

Ukituak abusu izango direla ebatzi du Gorenak

Orain arte koakzio arintzat hartzen zen baimenik gabe ukituak egitea.

Sexu erasoen kontrako Bilbon egindako elkarretaratze bat. IDOIA ZABALETA, FOKU
2018ko irailaren 20a
14:07
Entzun

Espainiako Auzitegi Gorenak jurisprudentzia ezarri du. Orain arte koakzio arin bezala epaitzen ziren baimenik gabe egindako ukituak, baina hemendik aurrera abusua izango dira. Hala izango dira erasotzaileak erasotua ukitzen duen kasuetan, eta baita erasotzaileak erasotuari bere burua ukiarazten dionean ere. Kasu guztietan, ukituek "atsegin sexuala lortzeko intentzioz" egindakoak izan behar dute.

Koakzio ariagatik jarritako zigorrak hiru hilabetetik bi urtetara artekoak dira, eta abusu sexualagatik ezartzen direnak sei hilabetetik bi urtera artekoak.

Jurisprudentzia ezartzeko baliatu duen epaian Gorenak ez dio arrazoirik eman salaketa jarri duen emakumezkoari. Kordobako Auzitegi Probintzialak (Espainia) gizonezko bat absolbitu zuen, abusuak egitea egotzita egindako epaiketan. Salaketa jarri zuen emakumeak Gorenera jo zuen orduan. Gorenak epaian esan du baimenik gabeko ukituak gertatzen diren kasuak sexu abusu direla, baina, kasu honetan ez dagoela frogatuta hala gertatu zenik. Izan ere, dioenez, ukituak egin zituenak ez zituen "atsegin sexuala lortzeko intentzioz" egin.

2015eko abuztuan izan ziren gertaera horiek, epaiaren arabera. Gizonezko batek emakumezkoa ukitu zuen bularrean eta gerrialdean "une batez", komuneko giltzak kentzeko. Hori baino lehenago, atzetik jarraitu zion korrika, eta komunera berarekin sartzen saiatu zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.