Ukrainako gerra

Ukraina ekialdeko bi hiritan su-eten mugatua ezarri dute, giza korridoreak irekitzeko

Ehunka lagunek ihes egin dute Debaltseve eta Txernukhino hirietatik. Bestalde, Merkelek eta Hollandek bake plan bat proposatuko diote gaur Putini.

Angela Merkel, Petro Poroxenko eta François Hollande, atzo, Kieven. ROMAN PILIEY / EFE
Adrian Garcia.
2015eko otsailaren 6a
12:13
Entzun

Ukraina ekialdeko Debaltseve hiriko zibilen sufrikarioa eten da. Armadak eta matxinoek bart adostutako su-etena baliatu, eta ehunka lagunek ihes egin dute hiritik. Errusiazaleek setiopean dute hiri estrategikoa iragan astetik, eta borroka gogorrenak bertan jazo dira. Donetsk eta Luhansk eskualdeen arteko bidegurutzean, hiria matxinoen eskuetan eroriz gero, bi eskualdeetako fronteak batu ahalko lituzkete. Bihar arratsaldera arte iraungo du meniak. Haatik, ez dute hiri osora zabaldu. Soilik Debaltsevetik ateratzen diren bi errepideetan adostu dute erasorik ez egitea.

Ria Novosti berri agentziaren arabera, ebakuazioa atzeratu egin behar izan dute erasoak guztiz eten ez direlako. Baina azkenean atera dira zibilez beteriko autobusak. Batzuk, Donetsk hiribururantz, matxinoen kontrolpean. Beste batzuk, berriz, Kieven eskutan dagoen Sloviansk hirirantz.

Bestalde, Luhanskeko Txernukhino hirian, Devaltsevetik gertu, beste menia mugatu bat adostu dute, giza korridore bat irekitzeko. Horrela jakinarazi du Luhanskeko Herri Errepublikako lehen ministro Igor Plotnitskik.

Vladimir Putin Errusiako presidenteak Angela Merkel Alemaniako kantzilerraren eta François Hollande Frantziako presidentearen bisita jasoko du gaur. Bake plan bat aurkeztu diote Europako agintariek, atzo Kieven Petro Poroxenko presidenteari egin bezala. Mendebaldeko hainbat hedabidek zabaldutakoaren arabera, Minskeko Protokoloan du oinarria proposamenak, baina kasko urdinen hedapena jasoko luke. Horrez gain, egungo fronteen egoera ontzat emango luke. Alegia, matxinoek azken erasoaldian berreskuratutako eremua errespetatuko luke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.