INGURUMENA

Uliako itsas hondotik mamu sare zati bat atera dute

Sarearen zati bat ateratzea lortu dute, baina oraindik beste horrenbeste geratzen da ur azpian. Sare hauek oso kaltegarriak dira itsas faunarentzat eta zenbait ekosistemarentzat.

Gaur atera dute sarearen zati bat. EGUZKI
jone arruabarrena
2021eko uztailaren 27a
20:19
Entzun

Eguzki talde ekologistak azaldu duenez, Pasaiako (Gipuzkoa) portuko bokalearen ezkerraldean zegoen sarea. Buceo Donosti taldea, Eguzki, Guardia Zibilaren Itsas Zerbitzua, AZTI eta Gurutze Gorria ibili dira sarea ur azpitik ateratzeko ahaleginetan. Gaurko lanetan sarearen zati bat ateratzea baino ez dute lortu, 15 kg ingurukoa, eta oraindik sare gehiago geratzen da itsas hondoan. Hala ere, azaldu dute Buceo Donosti taldeak laster beste saiakera bat egingo duela, mamu sarea osorik ateratzeko. Taldea ekologistak azaldu du sarea aspalditik dagoela han, eta galdu egingo zela seguruenik, edo norbaitek bertan utziko zuela besterik gabe: «Denboraren poderioz, urpeko arroketan finkatu da, 25-30 metroko sakoneran. Han, txangurro, misera itsas aingira eta beste hainbat espezierentzako tranpa da oraindik ere».

Azaldu dutenez, mota honetako sareen izen teknikoa ALDFG da (Abandoned, Lost or Otherwise Discarted Fishing Gear), baina mamu sare esaten zaie. FAO Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundearen arabera, horrelako 640.000 tona sarek bukatzen dute itsasoan, eta gehienak plastikozkoak dira. «Ozeano Barean dagoen plastikozko uhartearen %46 horrelako sareez osatuta dago», azaldu du Eguzkik. Sare horiek hilgarriak dira itsaspeko faunarentzat eta, oro har, zenbait ekosistemarentzat; horrez gain, nabigaziorako ere traba nabarmenak ekartzen dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.